Gizartea -

Bero-bolada

50 gazte matxuratutako autobus batetik atera behar izan dituzte Villabonan, beroaren ondorioz

Gertakariak 11:45 aldera jazo dira, A-15 autobian. Hiru gazte lekuan bertan artatu dituzte osasun langileek, eta bi ertzain Tolosako Asuncion ospitalera eraman behar izan dituzte, bero-kolpeak jota.

Gazteak zerbitzugunean. Argazkia: Tolosako Babes Zibila
Gazteak zerbitzugunean. Argazkia: Tolosako Babes Zibila
Gazteak zerbitzugunean. Argazkia: Tolosako Babes Zibila

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

15 eta 16 urteko 50 gazte inguru matxuratutako autobus batetik atera behar izan dituzte Villabonan (Gipuzkoa), beroaren ondorioz. Ibilgailua Bartzelonara bidean zihoan. Hiru bidaiari eta bi ertzain artatu behar izan dituzte osasun zerbitzuek.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Ertzaintzak  15 eta 16 urteko 50 gazteak A-15 autobiako zerbitzugune batera eraman ditu.

Osakidetzako eta Gurutze Gorriko anbulantziek eta Irurako Babesa Zibilak gazteak artatu dituzte, eta ura eman diete, tenperatura altuen ondorioak arintzeko.

Gertakariak 11:45 aldera jazo dira, A-15 autobian. Autobusak matxura izan du Villabonan, Zarautzetik abiatu ondoren, Bartzelonara bidean. Ertzaintza bertaratu da.

Matxura konpontzen ari ziren bitartean, bidaiariak ondoezik sentitu dira beroaren eraginez, eta osasun langileek artatu behar izan dituzte. Gainera, Hernani, Oria eta Donostiako ertzain-etxeetako patruilak, Irurako Babes Zibila eta Gurutze Gorria bertaratu dira. Guztiek ura eraman diete ikasleei.

Bidaiari berehala ekin ezinda, gazteak zerbitzugunera hurbildu dituzte Ertzaintzaren ibilgailuetan, "tenperatura altua guztiak erasaten ari zelako".

Guztira, hiru gazte lekuan bertan artatu dituzte osasun langileek, eta bi ertzain Tolosako Asuncion ospitalera eraman behar izan dituzte, bero-kolpeak jota.

Azkenik, beste autobus batek ikasleak eta hiru irakasleak hartu ditu, eta Bartzelonarantz abiatu dira.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Gipuzkoa Bartzelona Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Villabona Albisteak Aisia A-15 autobia Bero-boladak Gazteak