Gizartea -
KORONABIRUSA
21era jaitsi da covid-19ak jota hildakoen kopurua Euskadin, baina ospitaleetan eta ZIUetan gaixo gehiago daude
Aurreko astean baino 4 hildako gutxiago izan dira, eta ZIUetan 13 pertsona daude, duela zazpi egun baino lau gehiago. 100.000 biztanleko 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa 371,28koa da biztanleria orokorrean.
A. S. | EITB MEDIA
Uda ate joka dugun honetan, 342 pertsona daude gaur-gaurkoz EAEko ospitaleetan ingresaturik (joan den astelehenean, 295), eta horietatik 13 zainketa intentsiboetako unitatean daude larri, duela astebete baino lau gehiago. Hala ere, lau pertsona gutxiago hil dira, iragan astelehenean 25 izan baitziren eta orain 21.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astelehen honetan argitaratu duen azken buletin epidemiologikoaren arabera, ekainaren 13tik 20ra 4.395 kasu positibo atzeman dira, hau da, egindako 19.447 proben % 22,6. Horietatik 60 urtetik gorakoetan 2.583 positibo izan dira.
Hala, 100.000 biztanleko 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa 371,28koa da biztanleria orokorrean (361,12koa, aurreko astean) eta 731,13koa, 60 urtetik gorakoetan (741,73koa astebete lehenago).
EAEko ospitaleetan 342 pertsona zeuden ospitaleratuta covid-19arekin atzo, aurreko astean baino 47 gehiago, eta 13 gaixo daude ZIUn, duela astebete baino lau gehiago.
Bestalde, Osasun Sailak jakinarazi du azken astean 21 pertsona hil direla covid-19a dela medio; aurreko astean, 25 zenbatu zituzten.
12 urtetik beherakoen % 48,1ak du pauta osoa
Osakidetzak covid-19aren aurkako 141.751 txerto pediatriko eman ditu orain arte, duela astebete baino 245 gehiago. Horrela, 5 eta 11 urte bitarteko EAEko haurren % 48,1ek osatu du pauta osoa, eta % 60,5ek, gutxienez, dosi bat du, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren azken txertaketa-buletinaren arabera.
Helduen artean, covid-19aren aurkako 4.657.214 txerto eman dira, lehen eta bigarren dosiak barne, baita dosi bakarrak eta indartzekoak ere.