Gizartea -

Suteak Nafarroan

Suak nire ondasunak kiskali baditu, zer egin behar dut?

Nafarroako Kontsumitzaileen Elkartearen arabera, lehendabizi, aseguru-polizan suteak sartzen diren eta, hala bada, zer motatako kalteak ordainduko diren konprobatu behar da.

San Martin Unxeko sutea. Argazkia: EFE
San Martin Unxeko sutea. Argazkia: EFE
San Martin Unxeko sutea. Argazkia: EFE

EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken egunetan suteek Nafarroan eragin duten hondamendiaren ondorioz, herritar askok Iratxe Nafarroako Kontsumitzaileen Elkartera jo dute aholku eske.

Elkartearen arabera, lehendabizi, aseguru-polizan (etxebizitzarena, ibilgailuarena edo lursailarena, adibidez) suteen aurkako babesa kontratatuta dagoen egiaztatu behar da. Normalean, askotariko arriskuen kontrako etxeko aseguruak suak eragindako kalteak ere biltzen ditu.

Horrez gain, aseguratuta dagoena zer den konprobatu behar da: azpiegitura soilik (hormak eta teilatua, adibidez) edo altzariak ere.

Bestalde, aseguru-etxeek, normalean, garrek zuzenean kaltetutakoa bakarrik ordaintzen dute. Horrela, bada, keak kaltetutakoa ez dute bere gain hartuko, polizan horrela zehaztuta ez badago behintzat.

Sarritan, eraikina eta inguruko hesiak aseguratzen dira, baina komeni da egiaztatzea etxearen ondoko estalpea ere polizan sartuta dagoen.

Polizetan, behin-behineko ostatua ere sartzen da, baita salbamenduagatiko eta hondakinak kentzeagatiko gastuak eta kalteak, eta, hala badagokio, suhiltzaileen esku-hartzearen kostua ere.

Ildo berean, aseguru-konpainiak ordaindu dezake alokairua su hartu duen etxea eraberritu bitartean, baita altzarien lekualdatzea ere.

Aseguruen kontratazioaren legearen arabera, suak eragindako kalteen berri emateko epea zazpi egunekoa da, polizan tarte handiagoa adostu ez bada.

Basoko sute bat itzaltzeko lanetan pertsona batek istripua baldin badu, Aseguruen Konpentsaziorako Partzuergoak ordainduko du kalteordaina. Zauriturik edo hildakorik izan bada, Partzuergoarekin tramiteak ahalik eta azkarren egitea gomendatzen dute.  

Kaltetutako ondasunak gorde ezin badira, argazkiak ateratzea komenigarria da, gero peritu batek kalteen zenbatekoa kalkulatu ahal izateko.

Aseguru-etxeak eskainitako kalteordainarekin ados ez bazaude, posible da peritu bat izendatzea kalteen zenbatekoa kalkulatzeko, eta beste aldeak ere beste peritu bat aukeratu ahalko du.

Perituak adostasun batera helduz gero, ordaindu beharreko kalteordaina akta batean zehaztuko dute. Akordiorik ez badago, bi aldeek hirugarren peritu bat izendatuko dute edo auzi bidez beste bat aukeratzea eskatuko dute. Perituen ebazpena loteslea izango da, baina aldeek aukera izango dute auzitegian helegitea aurkezteko.  

Perituarekin desadostasunik izanez gero edo erreklamazioak egitean edozein arazo edukiz gero, kontsumitzaileen arretarako bulegora joatea gomendatzen dute.  

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Tutera Suteak Gizartea Eguneko albisteak Tafalla Albisteak