Gizartea -
Adinekoen Egoitzak
Zainketen pertsonalizazioa ardatz duen egoitza eredurako trantsizio-gida aurkeztu du Gipuzkoako Aldundiak
'Liburu Berdea' deiturikoak lanerako 7 ardatz, 27 gomendio eta 46 jarduketa zehaztu ditu, eta zentroekin, erabiltzaileekin, langileekin eta senideekin egindako eta adostutako lanaren emaitza da.
O. P. | EITB Media
Gaur goizean, Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoa: etorkizuneko egoitzaranzko trantsizioa Liburu Berdea aurkeztu du. Egoitza-ereduaren trantsizioa bultzatzeko gomendioak biltzen dituen eta egoitzen etorkizunari buruzko eztabaida piztea du helburu duen dokumentua, Gipuzkoako egoitza-sistema osatzen duten alderdi eta pertsona guztientzako gida izango dena.
Dokumentu hori lurraldeko adinekoen egoitza-sarearekin kontrastatu, baliozkotu eta adostu da, eta egoitza-zentroetako arduradunek, langileek, senideek, patronalek, sindikatuek eta Gipuzkoako Adinekoen Kontseiluko kideek hartu dute parte prozesuan. Markel Olano diputatu nagusiak bere hitzaldian azpimarratu duenez, "jauzi bat egin dugu Gipuzkoa zainketen abangoardian jartzeko, erabakitasun eta anbizio handiko aurrerapena baita, lurraldearen egoitza-eredu berrirako trantsizioa gauzatzeko balioko diguna", eta eskerrak eman dizkio sare osoari bere inplikazioagatik eta lankidetzagatik.
220 pertsonaren ekarpenak jaso dira lau kontraste panelen bidez, eta 2.000 lagunek parte hartu duten partaidetza-prozesu bat ere martxan izan dute. Horien denen artean egindako diagnostikotik, lanerako 7 ardatz ezarri dira: pertsonalizazioa, gobernantza, prestakuntza, berrikuntza, araudia, ebaluazioa eta komunikazioa. Horrela, ardatz horien inguruko 27 gomendio eta 46 jarduketa zehaztu dira egoitza ereduaren trantsiziora bidean aurrera egiteko.
Maite Peñak Gizarte Politikako diputatuak horietako batzuk nabarmendu ditu, eta arreta jarri du, besteak beste, zainketen pertsonalizazioan, zentro berriak sortzean eta dauden espazio fisikoak eredu berrira egokitzean. Halaber, azpimarratu du langileen ratioak berrikusi eta egokitzeko eta lan-baldintzak diagnostikatzeko dagoen premia, zainketa-ereduaren trantsizioarekin lotuta. "Giltzarriak diren gaiak dira, denbora luzez lantzen ari garenak, eta oraindik diagnostiko-fasean bagaude ere, oso beharrezkoa da. Urtea amaitu baino lehen identifikatuta izango ditugu aldaketak egiteko esparrua ezarriko dizkiguten beharrezko baldintzak", adierazi du.
78.840.000 eurokoa da hasierako aurrekontua 2022-2030 aldirako eta Aldundiak zehaztu duenez % 95,7 zainketak pertsonalizatzeko erabiliko da. Diputatu nagusiak gaineratu du Aldundiak urte hasieran Eusko Jaurlaritzaren bidez jaso zituen COVID-19 funtsetatik 20 milioi euroko ezohiko finantzaketa duela. "Horrek aukera ematen digu esku-hartzeak biderkatzeko eta Liburu Berdeak markatzen digun prozesua bizkortzeko".
Gipuzkoako egoitza-ereduaren trantsizio-prozesu horren jarraipena egingo du 10 laguneko kontraste-talde batek. Aldundiko, Kabiako, Adinberriko langileek, eta lurraldeko egoitzetako arduradunek osatuko dute eta, Liburu Berdearen garapenean, gomendioak eta aurreikusitako jarduerak nola inplementatzen diren jarraitzen lagunduko dute. Era berean, bost jarraipen-batzorde eratuko dira, zainketa-prozesuarekin lotutako funtsezko hainbat eragilek osatuta: erabiltzaileak eta senideak; egoitzetako profesionalak eta adituak; sektoreari lotutako sindikatuak; patronalaren erakundeak; eta Gipuzkoako Adinekoen Kontseiluak.