Gizartea -

droga-trafikoa

32 kilo speed konfiskatu dituzte Nafarroan egindako polizia-operazio batean

Sei pertsona atxilotu dituzte, droga-trafiko delitua eta talde kriminal bateko kide izatea egotzita.

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Guardia Zibileko Polizia Judizial Unitate Organikoak, Zerga Agentziaren Aduana Zaintza Zerbitzuarekin eta Bilboko Ertzaintzako Droga Taldearekin batera, sei pertsona atxilotu ditu droga-trafikoa leporatuta, eta 32 kilo speed konfiskatu ditu.

"Marioneta" izenpeko operazioan, desegintzat jo dute nafar Erriberan finkatutako talde kriminala. Guardia Zibilaren arabera, drogen erosketan, ezkutaketan eta banaketan jarduten zuen taldeak.

Iaz abiatu zen operazioa, agenteek Nafarroan kokatutako delitu-talde bat antzeman zuenean, droga-trafikoan aritu zitekeena. Taldeko buruaren eta haren kolaboratzaile sarearen inguruan ardaztu zen ikerketa.

Guardia Zibilak nabarmendu duenez, tadeko kideek "erabat definitutako" egitura hierarkikoa zuten, bakoitzak zeregin zehatz bat hartzen zuelarik. Hori dela eta, talde kriminal bateko kide izatea ere egotzi diete.

Ertzaintzarekin lankidetzan, Cadreitako (Nafarroa) 29 urteko gizon bat atxilotu zuten, baita Tarazonako (Zaragoza) 36 urteko beste gizon bat ere. Bizkaian antzeman zituzten, 30 kilo speed zeramatzatela. Kaleta izeneko mekanismo sofistikatuko ibilgailu batean zeuden ezkutatuta, poliziaren miaketa posibleak saihesteko.

Gainera, etxez etxeko hamaika miaketa egin zituzten eta lursail bat ere arakatu zuten, horietako hamar Tuterako merindadean, eta beste bat, Bilbon.

Miaketen ondorioz, beste bi kilo speed eta hiru kilo marihuana konfiskatu zituzten. Horrekin batera, 52.000 euro ere aurkitu zituzten eskudirutan, taldea behatzeko zerabilten drone handi bat, enkriptatutako bederatzi telefono mugikor eta droga garraiatzeko moldatutako bi ibilgailu.

28 eta 47 urte arteko sei gizon atxilotu dituzte operazioan, horietako bost Tutera, Cadreita, Arguedas eta Galarreko biztanleak, eta Tarazonako bat; droga-trafiko delitua eta talde kriminal bateko kide izatea egotzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Nafarroa gaur Drogak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea