Gizartea -

nafarroa

Manifestazioa egin dute Iruñean, torturen aitortza eskatzeko

Nafarroako Torturatuen Elkarteak "aitortza" eta "erreparazioa" eskatu ditu, Torturaren Biktimen Babeserako Nazioarteko Egunean.

Jendetza, Askatasunaren plazan. Argazkia: @Torturatuak
Jendetza, Askatasunaren plazan. Argazkia: @Torturatuak
Ehunka lagunek aldarrikatu dute Iruñean nafar torturatuen aitortza eta erreparazioa eskatzeko

00:46

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Torturatuen Elkarteak manifestazioa egin du larunbat honetan Iruñeko kaleetatik, biktimentzako "aitortza" eta "erreparazioa" eskatzeko, Torturaren Biktimen Babeserako Nazioarteko Egunaren bezperan.

"Aitortza. Erreparazioa. Ez errepikatzeko bermea" lelopeko pankarta buruan, Iruñeko autobus geltokitik abiatu da martxa. Plazaola kalea, Zaragoza etorbidea, Vianako Printzearen Plaza, Nafarroa Behereko etorbidea, Merindadeen plaza eta Karlos III etorbidea zeharkatu ditu, Askatasunaren plazan amaitzeko.

Manifestazioan zehar, 1960 eta 2012 artean torturatutako nafar biztanleen izenak irakurri dituzte, megafonia bitartez. Besteak beste, bertan izan dira Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako aholkularia, Unai Hualde Parlamentu Foraleko presidentea eta Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentaria.

Askatasunaren plazan, Amapola del Camino elkarteko Ramon Contrerasek adierazpen bat irakurri du. "Nafarroan 1960 eta 2012 artean izandako tortura kasuak, 1.000 baino gehiago, aitortzeko aldarrikapena bere egiteko" deia egin dio gizarteari.

Bestalde, Nafarroako Torturatuen Elkarteko Jorge Txokarrok "Nafarroako gehiengo politiko, sindikal eta sozialaren" babesa jaso izanaren garrantzia azpimarratu du. Hain zuzen ere, 150 gizarte eragile baino gehiago atxiki zaizkio aldarrikapenari, besteak beste; alderdi politikoak, sindikatuak, jai batzordeak, gazte taldeak, auzo elkarteak, memoriaren aldeko elkarteak edo lagunarteak.

"Eta horrekin batera, Nafarroako eta nazioarteko kulturaren munduko 250 pertsona ere", gaineratu du Txokarrok. Nabarmendu duenez, "erantzuna ikaragarria izaten ari da", eta hala "olatu erraldoia sor dezakegu, Nafarroan torturatutako pertsonen aitortzaren alde".

Zentzu horretan, adierazi du "pozez" jaso dituztela "Estatuko indarrek gure erkidegoan eragindako tortura kasuak argitzeko ematen ari diren pausoak. Baina badakigu luzea izango dela Nafarroako milaka tortura kasuak aitortzeko eta erreparatzeko bidea".

Azpimarratu duenez, "mendekatzeko desiratik urrun, gure elkarbizitza eraiki nahi dugu bestelako balioetatik, etorkizun hobea proiektatuz baina iragana ahaztu gabe". Haren arabera, "gizarteari eta datozen belaunaldiei zor diegu gertatutakoa argitzea, izan ere, tortura desagerrarazteko modurik eraginkorrena da. Inork ez dezala inoiz guk bizitakoa bizi".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Iruñeko albisteak Herriak eta Hiriak Nafarroako albisteak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Albisteak Manifestazioak gaur Giza eskubideen urraketak frankismoan