Gizartea -
Trafiko istripua
Gizon batek txirrindulari bat harrapatu du Legution, eta positibo eman du alkoholean eta hainbat drogatan
Halaber, iraungita zuen gidabaimena, baita ibilgailuaren IAT ere, eta ihes egin du harrapaketaren ondoren. Ertzaintzak istripua izan eta gutxira atxilotu du, Amurrion. Txirrindularia ospitalera eraman behar izan dute.
Agentziak | EITB MEDIA
Ertzaintza furgoneta bateko gidaria ikertzen ari da igande honetan Legutio (Araba) parean txirrindulari bat harrapatu ostean ihes egin baitu. Agenteek gertakaria jazo eta gutxira aurkitu dute ustezko egilea, eta alkoholean, anfetaminetan, metanfetaminetan eta opiazeoetan positibo eman du.
Txirrindularia, bestalde, anbulantzian eraman behar izan dute ospitalera, hainbat kolpe dituela, eta baliteke lepauztaia hautsita izatea ere, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Ezbeharra igande honetako 10:45 aldera gertatu da. Furgoneta batek txirrindulari bat harrapatu du N-240 errepidean, Legutio parean, Gasteizerako noranzkoan, eta ihes egin du jarraian.
Ertzaintzaren patruilak bertaratu dira, baita osasun-zerbitzuak eta suhiltzaileak ere, zauritua artatzeko. Hori arriskutik kanpo zegoen, baina min handia zuen lepauztaian eta hainbat kontusio zituen.
Herritarren laguntzari esker, ihes egindako ibilgailuaren titularra aurkitu ahal izan dute, eta handik gutxira atzeman dute gidaria Amurrion. Beharrezko kudeaketak egin ondoren, gertakarien ustezko egilea zela egiaztatu ahal izan dute, eta alkoholemia-proban tasa positiboa eman du.
Gainera, positibo eman du anfetaminetan, metanfetaminetan eta opiazeoetan. Bestalde, pertsona horrek gidabaimena iraungita zuen, baita ibilgailuaren IAT ere. Horregatik guztiagatik, 30 urteko gizona ikertzen ari dira bide-segurtasunaren aurkako ustezko hiru deliturengatik.
Txirrindularia, osasun-langileek bertan artatu ondoren, Txagorritxuko Ospitalera eraman behar izan dute, lepauztaia hautsita izan dezakeelako eta erorikoaren ondorioz hainbat kolpe eta zauri izan dituelako.