Itxi

Gizartea

EPAIKETA

28 urte eta bi hilabeteko kartzela-zigorra ezarri diote Kote Cabezudo argazkilariari

EITB MEDIA

Argazkilari donostiarraren aurkako epaiketan, fiskaltzak 250 urtetik gorako espetxe-zigorra eskatu zuen auzipetuarentzat, eta akusazio partikularrak, 17 biktimetatik 14 ordezkatzen dituenak, 2.627 urteko eskaera egin zuen. Azken hau helegitea aurkeztea aztertzen ari da.

  • Cabezudoren aurkako epaiketa.

    Cabezudoren aurkako epaiketa.

Kote Cabezudo argazkilari donostiarrari 28 urte eta bi hilabeteko kartzela-zigorra ezarri diote 17 neska gazteren aurkako sexu-abusu, bortxaketa, pornografia eta iruzur delituengatik. Cabezudo Martuteneko espetxean dago gaur-gaurkoz, eta bertan jaso du epaiaren berri.

Zigor epaia, fiskaltzak eta salaketa partikularrak eskatutakoa baino askoz apalagoa izan da. Fiskaltzak 250 urteko espetxe zigorra eskatu zuen Kote Cabezudo argazkilari donostiarrarentzat baina akusazio partikularrak 2.627 urteko espetxe zigorrera igo zuen bere eskaria; helegitea aurkeztea aztertzen ari da orain. Defentsak, berriz, horren absoluzioa eskatzen zuen.

Ia 8 urte iraun duen ikerketa baten ondoren, auzi nagusiaren epaiketa joan den martxoaren 7an abiatu zen Gipuzkoako Auzitegiko Lehen Sekzioan, eta hilabetez luzatu zen. Orain, epaiketa amaitu eta bi hilabete pasatxora, Gipuzkoako Auzitegiko lehen sekzioko epaimahaiak 28 urte eta bi hilabeteko espetxe-zigorra ezarri dio Cabezudori.

Hala ere, ebazpenak adierazten duenez, espetxe-zigorren baturak Zigor Kodearen 76. artikuluan ezarritako legezko mugak gainditzen dituenez, gehienez ere, 20 urte bete ahal izango ditu espetxean, eta gehieneko hori gainditzen duten zigorrak iraungitzat jotzen ditu. Gainera, biktimei 116.000 euroko kalte-ordaina ematera zigortu dute, eta akusazioek egotzi zizkioten beste 217 delitutatik absolbitu dute.

Gogoan dugunez, epaiketaren azken saioan akusatuak berriro ukatu zituen bere aurkako salaketa guztiak, eta bere kontrako konplot bat zela berretsi zuen. Halaber, adierazi zuen ez zuela inoiz modeloen aurkako ekintzarik egin haien baimenik gabe.

Gaur egun, argazkilaria behin behineko espetxealdian dago Martuteneko kartzelan, 2018ko maiatzaren 4tik, eta hantxe jaso du epaiaren berri.

Akusazio partikularra helegitea jartzekotan

Akusazio partikularrak uste du Kote Cabezudori ezarritako zigorra oso motz geratzen dela, eta abokatuak Euskadi Irratiari baieztatu dionez, sententzia errekurritzea pentsatzen ari da. 

Azpimarratu dutenez, sententziak modeloetako zazpiren aurka egindako delituak baino ez ditu jo frogatutzat, eta beste modeloek salatutako delitu guztietatik, beste 217 delituetatik, alegia, errugabe jo du epaimahaiak Cabezudo. 

Zehazki hamar deliturengatik zigortu dute, bortxaketa, sexu-abusua, haur pornografiako sei delitu eta iruzurreko bi deliturengatik.  

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena