Gizartea -
Eguraldiaren iragarpena
Prezipitazio ugari eta termometroaren beherakada igande honetan EAEn
Asteburua hasi bezala agurtuko dugu: euria nonahi. Hala ere, astelehen arratsaldetik aurrera eguraldiak hobera egingo du apurka-apurka eta asteartean ostarte zabalak izango ditugu lagun.
Erredakzioa
Asteburu honen amaieran euritakoa izan beharko dugu aldamenean, Euskalmet Euskal Meteorologiaren arabera. Izan ere, igande honen lehenengo partean eta eguerdian euri giroa nagusituko da, eta hainbat tokitan etengabe egin dezake. Gainera, baliteke punturen batean trumoi-ekaitzak garatzea eta zaparrada mardulak botatzea.
Arratsaldean eta gauean euri gutxiago egingo du. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, eta tenperaturak behera egingo du; altuenak, eskualde gehienetan 12-14º artekoak izango dira.
Halaber, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologia Zuzendaritzak abisu horia ezarri du igande honetarako, ordubetean 15 l/m2 baino gehiagoko ur kantitate pilatu daitekeelako (00:00etatik 22:00ak arte). Gainera, txingorra egiteko probabilitatea dagoela ere ohartarazi du.
Astearen hasiera
Astelehenean giro freskoarekin jarraituko du. Hodeitza handia izango da, goizean batez ere; orduan kantauri isurialdean euria egingo du. Arratsaldean atertzera egingo du, eta ostarteak zabalduko dira, batez ere hegoaldean. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da; goizean bereziki indartsu ibiliko da kostaldean, bertan haize-boladek 70 km/h-ko abiadura gaindituko dute. Tenperaturan gorabeherarik ez.
Asteartean eguraldiak hobera egingo du. Goizean zerua hodeitsu egongo da, eta goizaldean euri langar pixka bat egin dezake kantauri isurialdean. Goizean ostarteak zabalduko dira, eta gauean zerua hodei gutxirekin geratuko da. Iparraldeko haizea ibiliko da. Tenperatura maximoak igo egingo dira, eta 16-18º artekoak izango dira lurralde osoan.