Gizartea -
Hiltzailea kondenatu dute
Amaia Azkueren senarra: 'Barkamena eskatu nahi badute, berandu da'
Amaia Azkueren hiltzailea zigortzeko epaia ezagutzera eman ostean, haren senarrak, Manuel Aizpuruak, nahikotzat jo du; halere, batzuen ustez, legeak "gehiegi babesten ditu adingabeak".
Erredakzioa
Amaia Azkue Zarauzko auzokidea hiltzea leporatuta, Gipuzkoako Auzitegiak 18 urteko gazteari ezarritako zigorra ezagutzera eman dute aste honetan. Auzitegi honek 10 urteko barneratze zigorra eta beste bost urteko zaintzapeko askatasuna berretsi dio akusatuari.
Honen harira, Diario Vascok igande honetan zabaldutako elkarrizketa batean Manuel Aizpurua Amaia Azkueren senarrak esan duenez, epaiarekin "pozik" dago, krimena egin zuen unean akusatua adingabea zen heinean, honek jaso dezakeen zigor handiena ezarri diotelako.
Hala ere, Azkueren senarrak Adingabeen Lege salatu du, "adingabeak gehiegi babesten dituelako eta neurri batean, biktimak ahaztu egiten dituelako". Halaber, akusatuaren familiak izandako jarrera kritikatu du. Gazte honi "guztia onartu diote, gurasoek beraiek ere epaileen aurrean iruzur egin dute", azaldu du Aizpuruak. "Zeintzuk dira bere semeari helarazi nahi dizkioten baloreak? Denak balio duela, baita hiltzeak ere?", galdetu dio bere buruari.
"Ez dut uste barkamena eskatuko didatenik baina egiten baldin badute, berandu dabiltza", ondorioztatu du Aizpuruk. Epaia ezagutu ostean, "lasaiago" daudela nabarmendu du. "Etorkizunera begiratu behar dugu, baina iragana ahaztu gabe", esan du.