Gizartea -
Hezkuntza
0-3 zikloko lan-hobekuntzak datorren ikasturtean sartuko dira indarrean, Foru Gobernuaren arabera
Exekutiboak 0-3 Plataformari jakinarazi dio zuzendarien, hezitzaileen eta garbiketako langileen soldatak igoko dituela, aurrekontua 4,5 milioi eurotan handituta; eta kontratazioak eta ordezkapenak indartuko dituela 2022-2023 ikasturtean 55,5 hezitzaile gehiago kontratatuta.
O. P. | EITB Media
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak 0-3 Plataformari jakinarazi dionez, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin (NUKF) Nafarroako Haur Hezkuntzako lehen zikloko langileentzat adostutako soldata- eta kontratazio-hobekuntzak 2022-2023 ikasturtean sartuko dira indarrean. Horretarako 4,5 milioi eurotan igoko du aurrekontua Gobernuak.
Halaber, hezitzaileen laguntza-orduak handituko ditu, eta datorren ikasturterako 55,5 hezitzaile gehiago kontratatuko ditu. Era berean, esan du kontratazio berrien kopurua bikoiztu nahi duela 2023-2024 ikasturtean, ehunera iritsi arte.
Hala adierazi du Nafarroako haur-eskolen kudeaketa komunerako sortutako koordinazio-organoak asteazkenean egindako bileraren ostean. 0-3 Plataformaren ordezkaritzak parte hartu du bilera horretan.
Bileran, Foru Gobernuak "bideraezin" jo du Plataformak gobernuaren eskaintzari egindako azken kontraproposamena, eta jakinarazi du eutsi egingo diola soldatak igotzeko eta Haur Hezkuntzako lehen zikloan lan-baldintzak hobetzeko planteamenduari, irmoa izateaz gain, EH Bildurekin 2022rako sinatutako aurrekontu-akordioen betetzea garatzen duelako.
Hala, jakinarazi du datorren ikasturtean eskoletako zuzendaritza guztien (B maila), hezitzaileen (C maila) eta garbiketako langileen (D maila) soldatak igoko dituela, eta moduluan lehen aldiz kontratazioen errefortzua sartuko duela, ordezkapenetara bideratutako finantzaketa bikoizteaz gainera.
Era berean, 2023ko Hezkuntzako aurrekontu-zuzkidura handitzeko konpromisoa duela azpimarratu du Gobernuak, 2023-2024 ikasturtean sar daitezen indarrean 0-3 Plataformak aldarrikatutako osagarriak: erantzukizun-osagarria (% 12), osagarri pedagogikoa (% 12) eta prestakuntza-osagarria (% 3).
0-3 Plataformak, berriz, "inposizioa" dela adierazi du, ez dituztela haien ekarpenak kontuan hartu, eta hurrengo aurrekontuei begira tematu egingo direla euren eskakizunetan, "3-6 zikloaren moduan, eskubide osoko zikloa" izan dadin.
Grebara eraman zituzten helburuen alde borrokatzen jarraituko dutela ohartarazi dute, eta uste dute, mugimenduak egon badira, bi hilabeteko grebari esker izan dela. Horrek, diotenez, "indartu" egiten ditu ziklo hori aldatze aldera mobilizatzen jarraitzeko.