Itxi

Gizartea

Osakidetza

Sindikatuek bilerara joateari uko egin ostean, Osakidetzako zuzendaritza bakarrik geratu da Mahai Sektorialean

Agentziak | EITB Media

SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek salatu egin dute behin betiko gai-zerrendak ez zuela negoziatzeko beraiek proposatutako puntuetako bat ere jasotzen. Osasun Sailak ukatu egin du, eta sindikatuei akordioaren bidera itzultzeko eskatu die.

  • Ekainaren 26ko Bilboko manifestazioaren burua. EFE

    Ekainaren 26ko Bilboko manifestazioaren burua. EFE

Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek planto egin diote berriro Osakidetzako zuzendaritzari, eta ez dira ostegun honetan aurreikusitako Mahai Sektorialean eseri; izan ere, salatu dutenez, hilaren 27an Osakidetzari helarazitako "egiturazko arazo larriak" konpontzeko jorratu nahi zituzten gaietako bat ere ez da Osasun Sailaren deialdiko behin-betiko gai zerrendan sartu. 

Kritikatu dute joan den igandean Bilbon egin zen manifestazio jendetsuaren ondoren ere, ez zegoela aurreikusita ostegun honetako Mahai Sektorialean Lehen Mailako Arretaren egoera hobetzearekin lotutako gaiak jorratzea. Manifestazio horretan, sindikatuek benetako negoziazio eraginkorra eskatu zioten Osakidetzari.

"Osakidetzako Zuzendaritzari beste behin jakinarazi diogu ez dugula parte hartuko deitzen diren bilera sektorialetan, harik eta gure aldarrikapenei buruzko benetako negoziaziorik ez dagoen bitartean", adierazi dute sindikatuek agiri bateratu batean. Salatu dutenez, bilera horiek "edukirik gabekoak" izan ohi dira, eta "propaganda eta autobonbo politikoko mezuak elikatzeko" baino ez dute balio.

Gaineratu dutenez, Osakidetzak ez du negoziatzeko borondaterik erakusten, nahiz eta langileek kontzentrazio, manifestazio eta greba ugari egin dituzten.

Sindikatuek "zintzotasunez" luzatu diote eskua Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuari negoziazioa berreskuratzeko mekanismoak martxan jar ditzan.

Euskal gizarteari gogorarazi diote sindikatuek, lan-baldintzen inguruko aldarrikapenak ez ezik, osasun-sistemaren "narriadurarekin" lotutako gaiak ere landu nahi dituztela. "Argi eta ozen diogu mobilizatzen eta borrokatzen jarraituko dugula Osakidetzak propagandarako tresna izateari utz diezaion", azpimarratu dute.

Azken hilabeteetan, sindikatuetako ordezkariek uko egin diote Mahai Sektorialean parte hartzeari; azken aldia maiatzaren 18an izan zen. Orduan altxa egin ziren mahaitik,  Osakidetzari garapen profesionalerako ezohiko deialdiari buruzko negoziaziorik ez egitea egotzita.

Elkarrizketarako deia

Bestalde, Osasun Sailak deitoratu egin du sindikatuak Mahai Sektorialera agertu ez izana, negoziaziorako eta akordiorako "foro naturalera", eta elkarrizketarako borondatea berretsi du.

Osasun Sailak akordioaren bidera itzultzeko eskatu die sindikatuei, eta gaurko bileraren gai-zerrendan "sindikatuek proposatutako gaiak" jasotzen zituela ziurtatu du.

Aztertu beharreko gaien artean, 2020-2021 aldiko Egonkortze eta Berraztertze LEPa zegoela adierazi du, Mahai Sektorialean onartutako egonkortze-tasa nola geratuko zen xehetasunez jakinarazteko, eta Lan Eskaintza Publikoaren prozesuan hautaketarako jarraituko diren irizpideak lantzen jarraitzeko.

Halaber, Osakidetzako langile guztien kontziliazioari lotutako lizentzia eta baimenen araudia eguneratzearen inguruan aritzekoak ziren. "Sindikatuei alderdi zehatzei buruzko proposamen batekin negoziatutako dokumentua aurkeztea zen asmoa, Osasun Sailak adierazi duenez.

Garapen profesionalaren eredu berriari buruz ere hitz egitea aurreikusita zegoen, eta, gainera, Osakidetzak proposamen bat aurkezteko asmoa zuen, data zehatzekin, airean dauden beste gai batzuetan aurrera egiteko.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena