Gizartea -
gizarte zerbitzuak
ZAINTEL eta Etxean Zaindu, Euskadiko familia zaintzaileei zuzendutako bi zerbitzu berri, martxan
EAEn, 60.000 eta 82.000 zaintzaile artean daude; nagusiki senideek egiten duten lana da, eta, oraindik ere, mendekotasun-egoeran dauden pertsonentzako zainketa-iturri nagusia. Zerbitzu berriek informazioa, aholkularitza, orientazioa eta laguntza emateko helburua dute.
I.G. | eitb media
Jaurlaritzak ZAINTEL eta Etxean Zaindu zerbitzu berriak aurkeztu ditu, Berdintasun, Justizia eta Gizarteko Politikako Sailak martxan jarri dituena, menpekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzen dituzten familiei zuzenduta.
Beatriz Artolazabalek gidatzen duen Sailak ohar baten bidez zabaldu duenez, Estrategia soziosanitarioaren helburuak, besteak beste, arreta telefonikoa eta Euskadiko senitarteko zaintzaileei laguntzea daude, "zaintzaileen eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko".
Hala, gaurkoan aipatutako bi zerbitzu berriak aurkeztu dira:
-ZAINTEL, doako telefono profesionala da, informazioa, orientazioa eta aholkua emateko. 900 100 356 da telefonoaren zenbakia, eta astelehenetik ostiralera egongo da martxan, 10:00etatik 16:00etara.
Gainera, ZAINTELek posta elektroniko bat (zaintel@euskad.eus), WhatsApp zenbaki bat (619 419 628) eta Facebook eta Twitter-eko kontu bana izango ditu.
Bizitzen Fundazioak koordinatuko du zerbitzu berria. Nerea Fernandez fundazioaren arduradunak azaldu duenez, "talde espezializatua izango du horretarako, eta esperientzia handia izango du familiako zaintzaileekin; horrez gain, familiako zaintzarekin zerikusia duten baliabide eta zerbitzuei buruzko ezagutza handia izango du, eta, horri esker, informazio pertsonalizatua, zainketei buruzko aholkuak, zaintzaileen ongizatea eta autozainketa sustatzeko jarraibideak, emozioetan laguntza eta laguntza psikologikoa emango ditu".
-Etxean Zaindu zerbitzuak "aukera emango du zainketa-plan indibidualizatuagoa garatzeko, autonomia pertsonala eta familia zaintzailearen gizarteratzea sustatu eta babesteko, gainkarga-sentsazioa eta familia zaintzaileek bizi duten estres-egoera murrizteaz gain", Vanessa Resa ASCUDEANeko koordinatzailearen hitzetan. ASCUDEAN Familia Zaintzaileen eta Mendekotasuna duten Pertsonen Elkarteak, eta horrek hartu du programa kudeatzeko ardura.
Beatriz Artolazabalek gogorarazi duenez, Estrategia soziosanitarioaren helburua da "nahi duten pertsonek ahalik eta denbora gehienean etxean bizitzen jarraitu ahal izatea. Eta senitartekoak modu pertsonalean zaindu nahi dituzten pertsonek ahalik eta baldintzarik onenetan zaindu ahal izatea".