Gizartea -
Hilketa Errenterian
Epaimahaiak errudun jo du Clara Rangelen bikotekidea
Epaimahaiko kideek aho batez ebatzi dute akusatuak Clara Rangel hil nahi izan zuela. Ebazpen horren arabera epaia erabaki beharko du orain epaitegiko presidenteak.
Erredakzioa
Epaimahaiak errudun jo du Clara Rangelen bikotekidea. 2008an Errenterian (Gipuzkoa), bere etxebizitzan, Clara Rangel labankadaz hil zuela ebatzi du epaimahaiak. Gainera, biktimaren seme nagusiari eta bere anaiari ere eraso egin ziela grogatutzat eman du epaimahaiak.Bertako kideek aho batez erabaki dute akusatuak Clara Rangel nahita hil nahi izan zuela, eta gehiengoz ebatzi dute biktimaren semea ere hil nahi izan zuela. Azken kasu horretan, bere borondatearen kontrako arrazoiengatik ez zuen gaztea hil, epaimahaiaren arabera. Beraz, akusatuarentzat barkamen eskaerarik ez egitea eskatu dute.
Clararen semeari eraso egiteagatik giza hilketa egiten saiatu izana egotzi diote, eta anaiari erosi egiteagatik, berriz, lesio delitua.
Biktimaren semeari eta bere anaiari eraso egin zienean akusatuak bere buru-ahalmenak arinki eraginda zituela kontuan izan du epaimahaiak, baina Clara Rangelen hilketan ez du halakorik ebatzi.
Eskaerak
Epaimahaiaren ebazpenaren aurrean, fiskalak 33 urteko kartzela zigorra eskatu du (20 urte, hilketagatik; 10 urte, hilketa saiakeragatik; eta 3 urte eta erdi, bere anaiari lesioak egiteagatik). Kalte-ordainak ere eskatu ditu: 44.000 euro, Clararen bi seme txikienentzat; 17.600 euro, nagusiarentzat; eta 8.800 euro, biktimaren gurasoentzat.
Akusazio partikularrak, berriz, 35 urteko kartzela zigorra eskatu du, eta 175.000 euroko kalte-ordaina seme nagusiarentzat.
Emakumeen Kontrako Indarkeriari aurre egiteko Gobernuaren Ordezkaritza Bereziko abokatuak ere 34 urteko kartzela zigorra eskatu du.
Defentsak, berriz, honako eskaera egin du: 15 urteko kartzela zigorra, hilketagatik; bi urte eta erdiko zigorra, hilketa saiakeragatik; eta bi urteko kartzela zigorra, lesioengatik. Era berean, akusatuak barkamena eskatu zuela kontuan hartzea eskatu du, eta Clararen semearen kontrako erasoak ''ez zuela haren bizitza arriskuan jartzeko moduan egin''.
Orain, epaia erabaki eta zigorra ezarri beharko du epaitegiko presidenteak.