Gizartea -

Nazio Batuen Erakundea

NBEko Local 2030 Koalizioaren Idazkaritzaren egoitza Bilbon kokatzeko hautagaitza aurkeztu dute

Hautagaitzaren aurkezpena bideo baten bidez egin dute lehendakariak, Bilboko alkateak, Atzerri ministroak eta 2030 Agenda ministroak.

Irudia: Irekia
Irudia: Irekia
Irudia: Irekia

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazio Batuen Erakundeko High Level Political Forumean, New Yorken, Local 2030 Koalizioaren Idazkaritza Bilbon kokatzea defendatu du Eusko Jaurlaritzak astelehen honetan.

Hautagaitzaren aurkezpena bideo baten bidez egin dute Iñigo Urkullu lehendakariak, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Jose Manuel Albares Atzerri ministroak eta Ione Belarra Giza Eskubide eta 2030 Agenda ministroak. Gainera, Unai Telleria Euskadik AEBetan duen ordezkaria ekitaldia izan da, Jaurlaritzak jakitera eman duenez.

Lehendakariaren ahotan, Giza Garapen Jasangarrian Euskadiren eskarmentuak eta ibilbideak, 2030 Agenda erakunde guztiek partekatutako herri helburua izateak, enpresek eta gizarte zibilak, eta auzolan kulturak Bilbo "apaltasun osoz, baina uste sendoarekin, egoitza hartzeko aukerarik onena bihurtzen dute".

Euskara "bizirik dirauen Europako hizkuntza zaharrena" dela gogorarazi ondoren, Euskadi "euskararen herria" dela nabarmendu du Urkulluk. 2030 Agenda "herri xede" bat dela erantsi du.

Bestalde, Juan Mari Aburto alkateak azpimarratu duenez, Bilbo "funtsezko ardatza izan da Euskadiren eta Estatuaren garapenean, mendeetan zehar". Hiriak "industria, kultura, gastronomia eta turismo aberastasun handia du, baita indar ekonomiko eta finantzieroa ere", gaineratu du.

Bilbo "hirigintza, ekonomia eta gizarte birmoldaketaren adibide argi bat da", berretsi du alkateak. Aburtoren esanetan, nazioarteko erreferente bihurtu da, "ikuskizun, biltzar eta azoka garrantzitsuen egoitza izateko interesa piztuz". Azkenik, "Bilbo munduarekin lotzeko azpiegitura garrantzitsuak ditugu", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilbo Iñigo Urkullu Bizkaia New York Euskal Autonomia Erkidegoa NBE Gizartea Juan Maria Aburto Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena