Gizartea -
Personas Refugiadas
Greziatik korridore humanitarioak bultzatzeko ekimena talde parlamentarioei aurkeztuko diete
Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Mugak Zabalduz elkarteek maiatzean abian jarritako ekimenerako hurrengo urratsak ezagutarazi dituzte. Europar Batasuna Ukrainarentzat erantzun "koherente eta humanitarioa" emateko gai bada, Grezian harrapatuta dauden pertsonentzat ere hala dela uste dute.
O. P. | EITB Media
Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Mugak Zabalduz elkarteek Espainiako Estatuari eta Europar Batasunari eskatuko diete Greziako uharteetan dauden errefuxiatuentzako korridore humanitarioa bultzatzea. Horrela jakinarazi dute gaur Gasteizen elkarrekin eskaini duten prentsaurrekoan.
Maiatzean korridore humanitarioen irekiera bultzatzeko eta laguntza medikoa behar duten haurrak (25-40 pertsona) Greziako uharteetako errefuxiatu-guneetatik berme osoz ekarri ahal izateko ekimenaren barruan kokatzen da eskaera hori.
Bi elkarteek adierazi dutenez, maiatzean ekimena aurkeztu zenetik pasa diren bi hilabete hauetan, Euskadiko eta Estatuko (Katalunia, Valentzia, Gaztela-Leon edo Madril) 45 elkarte eta mugimendu sozial baino gehiagok agertu dute euren atxikimendua, baita Euskadiko zentral sindikal gehienek ere. Halere, azaldu dute atxikimendu-prozesua ez dela amaitu, eta nahi duten erakunde eta elkarteek egin dezaketela bat ekimenarekin.
Bi hilabete hauetan, babes kolektiboa bilatzen zen bitartean, bilerak egin dituzte Eusko Legebiltzarreko Elkarrekin-Podemos, EH Bildu eta PSE-EE talde parlamentarioekin eta eta gaur bertan dira biltzekoak EAJ-rekin. Gero, irailean Nafarroako parlamentariekin bilduko dira mahai-inguru batean.
Azaldu dutenez, hurrengo urratsa Diputatuen Kongresuko talde parlamentarioetako ordezkariengana jotzea izango da, "idatzi baten bidez, gure ekimena helarazteko". Adierazi dutenez, "Greziako errefuxiatuen kanpalekuetan harrapatuta dauden milaka pertsona egungo egoeran begirada jartzeko" eskatuko diete, bai eta Greziako uharteetan errefuxiatuentzako korridore humanitario bat bultzatzeko ekimena bere egiteko eta parlamentuan defendatzeko ere.
Haien ustez, "Europar Batasuna, Ukrainaren inbasioaren ondoren ikusi dugun bezala, araudi baliabideak eta migrazio-politikak aktibatzeko gai" dela egiaztatu ondoren, Grezian harrapatuta dauden pertsonei ere erantzun "koherentea eta humanitarioa" eman dakieke, Frontex edo Dublingo Araudia bezalako tresnetara jo beharrik gabe.
Horretarako, iraganean aktibatu diren hiru tresna aztertzea eta ezartzea proposatu dute, "asmoen adierazpen" hutsean ez geratzeko:
Alde batetik, Espainiako Estaturako korridore humanitarioak irekitzea eskatzen dute, eta, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako autonomia-erkidegoetarako korridore humanitarioa; eta bisatu humanitarioak ematea, gure lurraldera iristeko legezko modu seguru gisa.
Bestalde, korridore humanitario horiek onartu arte, "Schengen eremuko estatuetatik estatu hartzailera iristeko aukera emango dieten igarobaimenak" emateko eskatu dute, "Ukrainatik ihes egitera behartutako pertsonak Schengen eremuan mugarik gabe sartu ahal izan diren bezala".
Azkenik, aldi baterako babes-erregimen bat eta aldi baterako bizileku-baimen bat onartzeko eskatu dute, eta ziurtatu dute, eskubide hori betetzea "borondate politiko" kontua dela.