Gizartea -

Bonu digitalak

Euskadik hilean 20 euro emango dizkie kolektibo zaurgarriei, Internet izan dezaten

Bestalde, 2000. urtea baino lehenagoko eraikinen jabeen komunitateei diru laguntzak emango zaizkie etxeetako telekomunikazio instalazioak berritzeko eta egokitzeko.

Ordenagailu eta mugikor bat. Artxiboko irudia.
Ordenagailu eta mugikor bat. Artxiboko irudia.
Ordenagailu eta mugikor bat. Artxiboko irudia.

EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak arrakala digitala murrizteko eta irrati, telebista eta Interneteko azpiegitura komunak hobetzeko herritarrei laguntzeko bi programa onartu ditu astearte honetan, ohar batean jakitera eman duenez.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak bultzatutako laguntza horien bidez, alde batetik, kolektibo zaurgarrientzat, 20 euroko bonu digitalak jaulkiko dira 12 hilabetez; eta, bestetik, 2000. urtea baino lehenagoko eraikinen jabeen komunitateei diru laguntzak emango zaizkie etxeetako telekomunikazio instalazioak berritzeko eta egokitzeko.

Dirulaguntzen programa honetara 4.059.000 euro bideratu dira. Jabeen erkidego bakoitzak fakturan agertzen diren diruz lagun daitezkeen kostuen % 70eko laguntza jasoko du gehienez.

Olatz Garamendi sailburuak laguntza programa horiek aurkeztu ditu Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian, eta nabarmendu du "teknologia berrien sarbidean, erabileran edo erabileraren kalitatean dauden desberdintasunei muga jarri eta arrakala digitala gainditzeko balioko dutela", bai eta etxeetako telekomunikazio azpiegituren konektibitatea hobetzeko ere.

Bonu digitalen kasuan, Eusko Jaurlaritzak bereziki kolektibo ahulenei zuzendutako laguntza programa bat onartu du Interneteko konexio ultralasterra eskuratu ahal izateko edo, hala badagokio, kokapen finko batetik kontratatutako abiadura handitzeko, segundoko 30 megabiteko gutxieneko abiadurarekin.

Horretarako, 20 euroko 2.351 bonu digital emango dira urtean zehar laguntza hori jasoko duten pertsona edo familientzat, eta 12 hilabetez kopuru hori deskontatuko zaie zerbitzua kontratatuta duen telekomunikazio operadoreak egindako hileko fakturatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Internet Dirulaguntzak