Gizartea -

Bero-bolada

Beroagatik Araba ia guztian alarma gorria ezarri du Jaurlaritzak biharko eta etzirako

Termometroak 40-41 °C-ra igoko dira Arabako Errioxan eta lurraldearen erdialdean. Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean eta Nafarroako zatirik handienean alerta laranja egongo da indarrean, 38-39 graduko maximoekin.

Emakume bat ura edaten egun sargori batean. Artxiboko argazkia: EFE
Emakume bat ura edaten egun sargori batean.
Emakume bat ura edaten egun sargori batean. Artxiboko argazkia: EFE

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Beroa eduki dugu azken egunotan, baina, astebururako, are erreago dator giroa. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alarma gorria ezarri du biharko, larunbata, eta etzirako, igandea, muturreko tenperatura altuengatik Arabako Errioxan eta erdialdean (Gasteiz tartean). Euskalmetek egindako iragarpenaren arabera, bi eremuotan termometroak 41-40 º C-ra igoko dira. Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean eta Nafarroako zatirik handienean (Baztan aldea salbu) alerta laranja egongo da indarrean, 38-39 graduko maximoekin. Sargori egingo badu ere —35 º C-ko maximoak— kostaldea abisu horian egongo da.

Beroari lotuta eta hego haizea ibiliko dela kontuan hartuta, beste alarma gorri bat ezarriko dute igandean Ebro ondoko eskualdean (Arabako Errioxan) eta Iragate-zonan (Araba erdialdea) baso-suteak izateko "arrisku handia" dela eta. Horren ildoan, Jaurlaritzak Baso Sutetarako Larrialdi Plan Berezia jarri du martxan, gaurtik hasita, bere fase gorenean (larrialdikoa). 

Jose Antonio Aranda Euskalmeteko arduradunak azaldu duenez, Portugal parean kokatuta dagoen DANA bat eragiten ari da sargori beteko egoera hau. Izan ere, horrek Afrikatik datorren aire beroa gugana bultzatzen du. Horrekin batera, eguzki intsolazio altua dugu eta hodeirik gabeko zeruak. 

Bero kontuekin jarraituko dugu gaur, ostirala. Araba eta Nafarroa erdi eta hegoaldea alerta laranjan izango dira. Izan ere, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak eta Aemetek 37-40 º C-ko maximoak aurreikusi dituzte gune horietarako. Bizkaia, Gipuzkoa, Pirinioak eta Ipar Euskal Herria, bestalde, abisupean egongo dira. Termometroak 36 º C-an errendituko dira barnealdean, eta 29 º C-an, kostaldean. Gainera, sute arriskuarengatik alerta laranja izango da Arabako zatirik handienean, eta abisu horia Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean.

Larunbatean, tenperatura maximoak gehiago igoko dira, eta bero itogarria izango da. Araba alerta laranjatik alarma gorrira pasako da, Aiaraldea salbu; eta abisu horitik alerta laranjara Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean, eta Nafarroako erdialdean eta Pirinioetan. Erriberan, bestalde, alarma gorria izango da; izan ere, AEMETek 42 graduko tenperatura maximoak iragarri ditu. Nafarroako isurialde atlantikoan (Sakana) eta kostaldean abisu horia egongo da indarrean. Baso-suteen arrisku abisuek eta alertek bezperan bezala jarraituko dute: laranja Araban, eta horia Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean.

Igandean, bero kiskalgarria izango da. Alarma gorriak indarrean jarraituko du Arabako zatirik handienean. Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean eta ia Nafarroa osoan alerta laranja izango da. Kostaldean eta Pirinioetan, aldiz, abisu horia egongo da. Barnealdean 39-40 graduko tenperatura maximoak espero dira, eta toki batzuetan are altuagoak izan daitezke. Kostaldean ez dira hainbeste igoko, baina 32-33 graduak gaindituko dituzte.

Baso-sute arriskuari dagokionez, Araban kontu handiz ibili beharko dira; izan ere, alarma gorria izango da indarrean. Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean alerta laranja izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Bero-boladak