Gizartea -
Eguraldia
Baso suteak izateko arriskua handia da oraindik EAEn eta Nafarroan
Nafarroan alarma gorria dago ezarrita sua pizteko arriskua muturrekoa baita, eta ia Araba osoan alerta laranja dago indarrean, arrisku oso handiagatik. Bizkaia eta Gipuzkoa barnealdean, abisupean daude. Sargori egingo du Arabako Errioxan eta Erriberan, 35-40 °C-ko maximoekin.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Iragarrita zegoen bezala, behera egin dute tenperaturek Kantauri isurialdean, eta horrek nolabaiteko atsedena eman badu ere, baso suteak pizteko arriskuak handia edo oso handia izaten jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan.
Arrisku hori "muturrekoa" da Foru Erkidegoan, eta, ondorioz, alarma gorria egongo da indarrean datozen orduetan, beroa eta hezetasun maila baxua tarteko. Bestalde, ia Araba osoan (Ebro ondoko eskualdean eta erdialdean), baso suteengatiko arriskua "oso handia" da (alerta laranja), eta, Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean, "arrisku handia".
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren iragarpenaren arabera, tenperatura atseginak izango dira gaur ia Euskal Herri osoan. Beroenak 25 ºC ingurukoak izango dira kostaldean, eta 30 ºC ingurukoak, barnealdean. Lurraldearen hegoaldean (Arabako Errioxa eta Nafarroa), are gorago kokatuko dira termometroak, 35 eta 40 ºC bitartean.
Eguzkia izango da jaun eta jabe hegoaldean, eta Kantauri isurialdean goizean oskarbi egongo bada ere, egunak aurrera egin ahala, estaltzen joango dira zeruak eta euri langarra egin dezake, baita ekaitzen bat ere Pirinioetan.
Nolanahi ere, Nafarroa hegoaldean 40 ºC-ak harrapa daitezkeela eta, Aemetek beroagatik alerta laranja aktibatu du Erriberan, eta abisu horiak, Nafarroa erdialdean eta Pirinioetan. Termometroak 40 graduen langara iritsiko dira Tuteran; 38 ºC-ren bueltan ibiliko dira Iruñean eta 37 ºC-etatik gertu, Pirinioetako ekialdean.
Bihar, asteazkenarekin, apur bat jaitsiko dira maximoak, eta ez da abisurik izango. Dena dela, gutxi iraungo du tregoak: ostegunerako beroagatik abisu horia ezarriko du Aemetek Nafarroako erdialdean eta Erriberan (38 ºC espero dituzte egun horretarako).