Gizartea -

Bero bolada

Pertsona bat hil da bero boladaren ondorioz EAEn

83 pertsona erietxeratu behar izan dituzte muturreko tenperatura altuek osasunean eragindako arazoak tarteko. Euskalmeten arabera, azken urteotako "bero bolada luze eta larrienetakoa" izan da azken egunetakoa.

Hilaren 18an 40 °C-ak gainditu ziren leku askotan. EFE
Bilboko kaleko termometro bat, 42 gradurekin.
Beroaldiaren balantzea: hildako bat, 184 artatze, 12 sute larri eta hiru espediente arauak hausteagatik

01:19

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pertsona bat hil da Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) astindu duen bero boladaren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak gaur jakinarazi duenez. Jaurlaritzak txostena egin du astebete iraun duen beroaldiarekin lotuta, eta, horren arabera, 83 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte zazpi egunotan, eta guztira, 184 larrialdi artatu behar izan dituzte bero kolpeak eta sargoriak osasunean eragindako arazoak direla eta. 

Osasun zein Segurtasun sailetako datuak bilduta egin du agiria Jaurlaritzak, eta bertan bukatutzat eman du bero oldea. Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, azken urteotako "bero bolada luze eta larrienetakoa" izan da hilaren 11tik 18rako hori. Tenperatura maximoek markak hautsi dituzte egunotan, eta urteko beroena, 42,9 ºC, Arrasaten (Gipuzkoa) erregistratu dute. 

Txostenean ez da zehazten noiz eta nola izan zen heriotza. Horri buruz galdetu diote Jaurlaritzako bozeramaileari gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan. Bingen Zupiriak argitu duen bakarra da Amoroton (Bizkaia) izan zela, baina ez du bestelako xehetasunik eman. 

Erietxeratu behar izan dituzten 83 pertsona horiei dagokienez, gehienak (48) Bizkaian artatu zituzten; 19, Gipuzkoan; 15, Araban eta bat Miranda de Ebron (Burgos). Halaber, beste 23 lagun artatu zituzten osasun zentroetan. Asteburu honetan izan dira larrialdi gehienak, eta goia igandean jo zuten, 45 pertsona artatu behar izan baitzituzten. 

42 sute, horietatik 16, larri

Tenperatura altuak eta hezetasun maila baxua tarteko, suteak izan dira bero bolada honen beste zorigaiztoko protagonista. EAEko zati bat alertapean dago baso suteak izateko arrisku handia dela eta, baina Segurtasun Sailak jakinarazi du bihartik aurrera "uztailean ohikoa den egoerara" itzuliko dela lurraldea. 

Txostenaren arabera, bost eguneko epean (uztailaren 11tik 15era) 38 sute izan ziren EAEn, gehienak Araban. Suak ia 300 hektarea kiskali ditu lurralde horretan, eta udalerri kaltetuenen artean daude Barrundia, Mendoza, Mendiola edota Erriberagoitia. Horrez gain, Jaurlaritzak Baso Suteetarako Larrialdi Plan Bereziaren larrialdi-fasea ezarri zuenetik, ostiraletik, beste lau sute izan dira (Gaubea, Gasteiz, Arrigorriaga eta Bilbo) eta 15 hektarea erre. 

Bero boladak iraun duen zazpi egun horietan, Larrialdiei aurre egiteko eta Meteorologia Zuzendaritzak 20 abisu hori, 14 alerta laranja eta bost alarma gorri ezarri ditu beroarekin lotutako muturreko meteorologiagatik. 

Azkenik, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eskerrak eman nahi izan dizkie herritarrei egunotan erakutsitako arduragatik. Lehen sektoreari ere esker oneko hitzak helarazi dizkio, zerealaren uzta betean egindako "esfortzuagatik", batetik, eta suteak geldiarazteko eta amatatzeko emandako laguntzagatik, bestetik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Suteak Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Bero-boladak