Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Eraso sexistak salatuko dituzte gaur Erandion

Mugimendu feministak elkarretaratzea deitu du arratsalderako (20:00etan, Josu Murueta plazan) eta Udalak bat egin du deialdiarekin. 49 urteko gizonezko bat, Erandioko emakumezkoen futbol entrenatzaile ohia, kartzelatu dute asteon Leioan duela urte batzuk izandako bi bortxaketaren egilea delakoan.

Indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratze bat. EFE
Indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratze bat.
Indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratze bat. EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mugimendu feministak deituta, elkarretaratzea egingo dute gaur Erandion (Bizkaia) 49 urteko gizonezko bati leporatu dizkioten hainbat sexu erasoren kontra. Bilkura 20:00etan egingo dute, Josu Murueta plazan. Erandioko Udalak bat egin du deialdiarekin, eta, adierazpen instituzional batean, eraso matxista horiek gaitzetsi ditu. 

Udalean ordezkaritza duten talde guztiek izenpetutako agiri batean, atzo jakinarazitako emakume eta nesken aurkako eraso matxistak "erabat arbuiatu" ditu, eta elkartasuna eta babesa helarazi die biktimei, Udalak dituen zerbitzu psikologiko eta juridikoak eskainita. 

Adierazpenean gogorarazi dutenez, "indarkeria matxista ez da eremu pribatuko arazoa; gizartearen arazo bat da, arazo estrukturala eta kolektiboa, guztiona da", eta hortaz, gizarte guztiari dagokio horri aurre egitea. Udalak dei egin du "gertakari hauen aurrean sorgor ez geratzeko" eta gaurko deituta dagoen elkarretaratzean parte hartzera animatu ditu herritarrak. 

Kartzelatu dute bi bortxaketen ustezko egilea

49 urteko gizonezko bizkaitar bat espetxeratu dute, Leioan 2015ean eta 2017an izandako bi sexu erasoren egilea delakoan. Joan den asteartean atxilotu zuten Loiuko aireportuan, eta, epailearen aurrean deklaratu ondoren, atzo espetxean sartu zuten.

Biktimak emakume bat eta adin txikiko neska bat dira. Horiek jarritako salaketen ondotik ikerketa bana zabaldu zuten, eta, polizia zientifikoak baieztatu duenez, bi kasuetan jasotako semen-laginak atxilotutako gizonarenarekin bat datoz.

Ertzaintzak ohar bidez jakitera eman duenez, azken urteotan dozena bat gizonezko ikertu dituzte biktimek emandako ezaugarri fisikoak kontuan hartuta. Halere, joan den igandean adin txikiko beste neska batek sexu-erasoagatik jarritako salaketak lagundu du ikerketak argitzen.

Azken salaketa horrekin lotuta, gizon bat atxilotu zuten, eta haren ezaugarriek bat egiten zuten Ondiz auzoko erasoen biktimek adierazitakoekin. Atxilotutako gizonaren etxea eta kotxea miatu zituzten, eta 2015eko eta 2017ko erasoekin zerikusia izan zezakeela ondorioztatu zuten bertan aurkitutako materiala aztertu ondoren.

Azterketa genetikoa egin zioten gizonezkoari, eta horren emaitzek ekarri dute baieztapena: Leioan izandako sexu-erasoetan jasotako semen-laginetako DNA atxilotutako gizonarena da, ikertzaileen arabera.

Hala, asteartean atxilotutako gizonezkoak Getxoko Instrukzio Epaitegian deklaratu ondoren, epaileak haren behin behineko espetxeratzea agindu zuen.

Bien bitartean, Ertzaintza beste sexu-eraso batzuk ikertzen ari da, eta ez du baztertzen asteon espetxeratutako gizonak horiekin zerikusia izatea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Leioa Albisteak Matxismoa Sexu erasoak