Gizartea -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Erkoreka: "Sexu erasoak % 54 igo dira lehen seihilekoan 2019rekin alderatuta"

Lehendakariordeak eta Segurtasun sailburuak azaldu duenez, sexu askatasunaren aurkako delituen arloan, jarduera kriminalak baino gehiago, salaketak ugaritu dira, gizartea "kontzientziatu eta sentsibilizatu" egin delako.

Josu Erkoreka, Radio Euskadin elkarrizketatua. Argazkia: EITB Media
Josu Erkoreka, Radio Euskadin elkarrizketatua.
Josu Erkoreka, Radio Euskadin elkarrizketatua. Argazkia: EITB Media

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak Radio Euskadin azaldu duenez, sexu erasoek % 54 egin dute gora lehen seihilekoan, pandemiaren aurreko azken normaltasun urtearekin, 2019rekin, alderatuta. 2021eko datuekin konparatuta, igoera % 31koa izan da. Sexu askatasunaren aurkako delituak, oro har, % 51 hazi dira 2019arekin alderatuta, eta % 20, 2021ekin alderatuta.

Sailburuak, hala ere, zehaztu du sexu askatasunaren aurkako delituen esparruan, jarduera kriminalak baino gehiago, salaketak ugaritu direla. "Lehen, biktimek ezkutatu egiten zuten eta ez zuten partekatzen, lehenbailehen ahaztu nahi zuten", azaldu du; gaur egun, berriz, gizartearen "kontzientziazioak eta sentsibilizazioak" lagundu du "ezkutuko kriminalitate" hori azaleratzen, eta "delitutzat jotzen da benetan dena".

Erkorekak ez daki delitu horiek udan izango duten bilakaera, baina ohartarazi du urtaro horretan jendea kalean dagoela eta delituek gora egin dutela, horien artean, indarkeriazko osagaiak dituztenak.

Lehendakariordeak Mutrikuko (Gipuzkoa) jaietan ertzain bati jarritako betoaz eta Gasteizen beste agente batek egindako erasoaz ere hitz egin du. Erkorekaren arabera, "gainditutzat jotzen genituen iraganeko jarrerak azaleratzen ari dira". Sailburuak esan duenez, "Mutrikukoa udal mailako gertaera puntuala zela zirudien", baina "sarearen bidez babesa areagotzen ari da", eta "antolatua" dirudi. "Planteamendu orkestratu baten ondorio izan daiteke, bidean gaude, eta hori saihesten saiatu behar gara", esan du.

Sailburuak ezker abertzaleari eskatu dio "jarduera hori bertan behera uzteko agindu zorrotza" eman dezan. Erkorekak faltan bota du EH Bilduko "buruzagi nazionalen mezu argiagoa" "mespretxu eta gorroto adierazpen" horien aurrean. "Uste dut, hori moztu ahal izateko eta berriro gerta ez dadin, beharrezkoa dela ezker abertzaleko pertsona garrantzitsuren baten mezu sendoa", esan du.

"Ikusi dudanez, Gasteizko udalbatzan ez dute iritzirik eman. Arnaldo Otegirena bezalako adierazpen saiheskorrak ikusi ditut. Ez dugu izan nahi inorentzat positiboa ez den udako suge bat", gehitu du.

Erkorekak EH Bilduko buruzagiei eskatu die ertzainen aurkako ''gertakariak'' gelditzeko agindua eman dezaten
Erkorekak EH Bilduko buruzagiei eskatu die ertzainen aurkako ''gertakariak'' gelditzeko agindua eman dezaten
Erkorekak EH Bilduko buruzagiei eskatu die ertzainen aurkako ''gertakariak'' gelditzeko agindua eman dezaten

1:21
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Eusko Jaurlaritza Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Sexu erasoak