Gizartea -

Abisu laranja

10:00etara arte euri-jasak eta ekaitzak espero dira Nafarroko erdialdean eta Pirinioetan

Toki batzuetan metro karratuko 30 litro bota ditzake. Iragarpenaren arabera, euria egiteko eta ekaitza jotzeko aukerak % 40-70 artekoak dira.

Ekaitza Donezteben (Nafarroa). Artxiboko argazkia: Ainhoa Juanotena
Ekaitza Donezteben (Nafarroa). Artxiboko argazkia: Ainhoa Juanotena
Ekaitza Donezteben (Nafarroa). Artxiboko argazkia: Ainhoa Juanotena

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuak kontuz ibiltzeko gomendioa eman du Foru Erkidegoko erdialdean eta Pirinioetan; izan ere, 10:00etara arte euri-jasak eta ekaitzak izango dira. AEMETek egindako iragarpenaren arabera, toki batzuetan metro karratuko 30 litro bota ditzake. Horregatik, erakundeak abisu laranja ezarri du.

Konkretuki, Espainiako Meteorologia Agentziak (AEMET) jakitera eman duenez, abisua ostiraleko 10:00ak arte egongo da indarrean. Iragarpenaren arabera, euria egiteko eta ekaitza jotzeko aukerak % 40-70 artekoak dira.

Foru Gobernuak ohar batean azaldu duenez, Larrialdi eta Babes Zibileko Zerbitzuak iragarpenaren berri eman die erdialdeko zein Pirinioetako udalei, baita gazteen kanpaldiak hartzen dituzten eskualdeei ere.

Horrela, Nafarroako Gobernuak ibilgailuan joan-etorriak saihestea gomendatu du, eta balizko uholdeen eta ekaitzen aurrean zuhurtzia eskatu du, batez ere kanpalekuetan eta sakanetatik gertu.

Gainera, kanpoaldean ekaitzak ezustean harrapatzen dituen pertsonei objektu metalikoak botatzeko eta toki irekiak saihesteko aholkuak eman dizkie, toki seguruan babesa hartuz, auto edo eraikin baten barruan, esaterako.

Azkenik, etxean daudenei, aparailu elektrikoak eta telebistako antenak deskonektatzeko gomendioa eman die, deskarga elektrikoak saihesteko, eta tentsioaren balizko igoera batek aparailuak ez izorratzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Alerta meteorologikoak Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Ekaitzak Pirinioak