Gizartea -
elkano itsas herria
Pertsonen zirkulazio askea aldarrikatu dute, Irun eta Hendaia arteko itsasaldiaren bidez
Elkano Itsas Herriak uztaileko ibilbidea amaitu du ostiral honetan, Irun eta Hendaia arteko etapa mugakidean, Bidasoa ibaian barrena, 18 pertsona migratzailek osatutako tripulazioarekin.
agentziak | eitb media
Elkano Itsas Herriak uztaileko ibilbidea amaitu du ostiral honetan, Irun eta Hendaia arteko etapa mugakidean, Bidasoa ibaian barrena. Zirkulazio askea aldarrikatzeko helburuz, 18 gizon eta emakume migratzailek, besteak beste, osatu dute Juanita Larando patatxeko tripulazioa.
SOS Arrazakeria, Emaus Fundazioa, Irungo Harrera Sarea eta Ndank Ndank elkartea batu dira Irundik abiatutako ekimenera, Bidasoa ibaia gurutzatuta Hendaiako CHMT - Hendaia Txingudi Klub Nautikora iritsi dena.
Aurreko geldialdi guztietan bezala, tokiko agintari eta eragileek ongietorri ekitaldia egin diete Elkano Itsas Herriari eta patatxeko tripulazioari. Kasu honetan, Abdolulaye Gueye Caritaseko aholkulari juridikoak hartu du hitza migratzaileen izenean, Xabier Agote Albaolako presidente eta Juanita Larandoko ontziburuarekin eta Kotte Ezenarro Hendaiako alkatearekin batera. Amets Arzallus bertsolariak ere parte hartu du ekitaldian.
Euskal kostaldetik ibilbidea egiten duen itsasaldi kulturala da Elkano Itsas Herria, "Euskal Herriak historian zehar itsasoarekin izandako harremana berreskuratzeko". Elkano Fundazioak, Albaolak eta Donostiako Itsas Museoak sustatutako ekimena da. Uda honetan Gipuzkoako, Bizkaiko eta Lapurdiko 25 udalerri bisitatzen ari da.
Hendaiako geldialdia igandera arte luzatuko da, eta 'Itsas Besta-Fête de la mer' jaietan parte hartuko du ontziak. Elkano Itsas Herriak abuztuan hartuko du atseden, eta irailean berrekingo dio bidaiari, Gipuzkoako eta Lapurdiko kostaldean zehar.
Getariara itzuliko da Elkanoren Eguneko egitarau berezia dela eta, eta geldialdia egingo du Donostian Euskal Jaietan zehar. Hortik aurrera, Donibane Lohizune eta Zibururaino iritsiko da, Europako Ondarearen Egunen baitan, irailaren 15etik 18ra bitarte.