Gizartea -
ETXEBIZITZA
Euskadiko etxebizitzen erosketek eta prezioek gora egin dute 2022an
Bizkaian bigarren eskuko etxebizitzek dute eskari gehien. Arabaren kasuan, "jarduera-maila altuak" antzeman dira. Gipuzkoan, eta bereziki Donostian, eskaintza eskaria baino txikiagoa da.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Euskadiko etxebizitzen merkatuan erosketek eta prezioek gora egin dute, Tasazio Sozietateak egindako ikerketaren arabera.
Lurralde historikoka aztertuz, Bizkaian bigarren eskuko etxebizitzek dute eskari gehien. Maria Cruz Ibañez Euskadiko Tasazio Sozietateko ordezkariak adierazi du Bizkaian erosketek gora egin dutela Ukrainako gerrak sortutako ziurgabetasunaren eta interes-tipoen igoeraren ondorioz.
Lurraldeko garapen urbanistiko gehiena Bilbon, bereziki Zorrotzaurren eta Rekalden, Lutxana-Barakaldon, Erandion eta Leioan kokatzen da.
Beste eraikin motei dagokienez, hiriguneko merkataritza lokalen interesa jaitsi egin da, Bilboko denda gune nagusienetakoa izan ezik, eta eskaria periferiako erosketa guneetara mugitu da.
Arabaren kasuan, Tasazio Sozietateak "jarduera-maila altuak" antzeman ditu Gasteizen, baina hori ez da gertatu lurraldeko gainerako udalerrietan.
Etxebizitzaren merkatua alde batera utzita, Araban gero eta interes handiagoa dago industria-erabilerako eraikinetan. Merkataritza lokalek, berriz, eskaera txikia dute oraindik.
Gipuzkoan, eta bereziki Donostian, eskaintza eskaria baino txikiagoa da, eta, ondorioz, erosketen erritmoa "bizkortu" egin da. Maria Cruz Ibañezen arabera, horrek bigarren eskuko etxebizitzetan izan du eragina, eta horien prezioak gora egin du.
Azken lurralde horretan gora egin du merkataritza lokalen eta pabiloi industrialen eskariak.