Gizartea -
Gipuzkoako garraio txartela
Mugik % 50eko deskontua aplikatuko du tarifetan irailaren 1etik urte amaierara arte
Hortaz, hiriko garraio publikoa gehienez 20 aldiz erabiltzen dutenek 0,48 euro ordainduko dituzte 0,96 beharrean. Aitzitik, 20 baino bidaia gehiago egiten dutenek 0,39 ordainduko dituzte 0,78 beharrean.
Agentziak | EITB Media
Gipuzkoako Mugi garraio txartelak % 50eko deskontua aplikatuko du tarifetan irailaren 1etik abenduaren 31ra arte, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLA) jakinarazi duenez.
Horrela, bidaien lehen tartean (1etik 20ra), % 48ko deskontu orokorrarekin, % 74ra igoko da azken lauhilekoan. Bigarrenean (21etik 50era), ordea, deskontua % 58koa izatetik % 79koa izatera pasatuko da.
Azken tarteari erreparatuz (51 bidaia edo gehiago), beherapena % 90etik % 95era igoko da. Hortaz, GGLAren arabera, hiriko garraio publikoa gehienez 20 aldiz erabiltzen dutenek 0,48 euro ordainduko dituzte 0,96 beharrean. Aitzitik, 20 baino bidaia gehiago egiten dutenek 0,39 ordainduko dituzte 0,78 beharrean.
Rafaela Romero GGLAko presidente eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak eman du ostegun honetan Agintaritzak tarifen murrizketa onartzeko izan duen ezohiko bileraren berri.
GGLAko kideek (Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Mugiri dagozkien udalek ordezkatu dutenak), Espainiako Gobernuak Errege Lege Dekretu honetan iragarritako laguntzei heltzea erabaki dute, "inplikatutako aldundien eta udalen diru-kutxa publikoetan izango duen inpaktu ekonomikoari aurre egiteko".
Romeroren hitzetan, "GGLAk aho batez bozkatu du deskontu horiek Mugiren tarifetarako suposatzen duten ahalegin ekonomikoa geure egitearen alde, herritar guztien mugikortasun-eskubidea bermatu behar delako, ezin daitezkeelako autoa mantentzeko edo gasolinaz betetzeko nahikoa diru izatearen mende egon".
Espainiako Gobernuak % 30erainoko dirulaguntza iragarri du erakunde horientzat, garraioko abonuen eta tituluen tarifak murrizteko ados jartzekotan.
Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, joan den astean informatu zuen udaletxeentzako eta aldundientzako laguntza horietan parte hartuko zuela deskontuen kostuaren % 40 estali arte.