Gizartea -
Auzitegi Nazionala
Yihadismoan doktrinatzeagatik eta terrorismoa finantzatzeagatik epaitutako Donostiako imam ohia, absolbituta
Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoaren epaiaren arabera, Fiskaltzaren akusazioak "susmoetan" baino ez daude oinarrituta. Imam ohiak epaiketan esan zuen bere ardurak "kulturarekin bakarrik lotutakoak" zirela.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Yihadismoan doktrinatzea eta terrorismoa finantzatzea egotzita, Fiskaltzak akusatutako Donostiako Herrera meskitako iman ohia absolbitu du Auzitegi Nazionalak, delitu horiek egiaztatuta geratu ez direlakoan. Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoaren epaiaren arabera, Fiskaltzaren akusazioak "susmoetan" baino ez daude oinarrituta.
Maiatzean epaitu egin zuten imam ohia. Orduan Fiskaltzak plazaratutako ondorien arabera, DAESH, Al Qaeda eta Hamas bezalako talde terroristen aldeko gazte marokoarrak erakartzen eta adoktrinatzen zituen imam ohiak, gutxienez zortzi urtebetez, hiriko talde islamikoaren erreferenteetako bat zela aprobetxatuta.
Ministerio Publikoak argudiatu zuenez, meskitan eta ASSAFWA kultur-elkarte islamikoan zituen karguaz baliatuta, "jarraitzaile ugarirengana iristen zen", haurrak barne, eta sare sozialen edo pertsonen arteko harremanei esker yihadismora erakartzen zituen.
Audientzia Nazionaleko Zigor Aretoren Hirugarren Sekzioak, berriz, haren epaian adierazi duenez, imam ohiak akusazio guztiak errefusatu zituen epaiketan, eta bere ardurak "kulturarekin bakarrik lotutakoak" zirela esan zuen, eta Frantziara egindako bidaiek ez zutela yihadismorako diru-bilketa egiteko helbururik, Donostiako kultur-elkarterako dirua biltzea baizik.
Auzitegiak azaldu duenez, adierazpen horiek berretsi zituzten imam ohiaren senideek eta bestelako lekukoek. Bestalde, imamaren dirua ikertu zuten polizien arabera, ez zuten atzeman atzerrira bidalitako diru-kopuru handirik.