Gizartea -

EGURALDIA

Tenperaturek gora egin dute, beste beroaldi baten atariko

Nafarroako erdialdean eta Erriberan abisu horia ezarri dute, 36 °C-ko maximoak espero baitira. Gainerakoan, 30 °C-ren bueltan egongo dira beroenak.

Haur batzuk ur zorrotada batzuetan jolasten. Argazkia: EFE.
Haur batzuk ur zorrotada batzuetan jolasten
Haur batzuk ur zorrotada batzuetan jolasten. Argazkia: EFE.

NAIARA BALLESTEROS | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteon, beroa izango da nagusi, eta tenperaturak gora egingo du pixkanaka. Beroarekin batera, ekaitz giroa ere izango da protagonista datozen egunetan.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, astelehenean bero handiagoa izango dugu, eta arratsaldeko ekaitzak izateko arriskua izango da Euskadin. Goizean, erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak espero dira, eta, arratsaldetik aurrera, hodeiak garatuko dira barnealdean. Iparraldeko haize ahula ibiliko da, eta tenperaturak 30 gradu ingurukoak izango dira kostaldean, eta 34 gradu ingurukoak, barnealdean. Minimoak 14 eta 18 gradu artekoak izango dira.

Nafarroan, berriz, zerua hodei gutxirekin edo oskarbi egongo da, eta goi-hodeiak eta bero-hodeiak sortuko dira eguerditik aurrera. Kantauri isurialdean izan ezik, zaparradaren bat edo noizbehinkako ekaitzen bat egon liteke, baita Pirinioetan ere. Tenperatura minimoak ez dira aldatuko eta maximoak 36 gradu ingurukoak izango dira. Aemetek abisu horia ezarri du beroagatik Nafarroa erdialdean eta Erriberan (36 ºC-ko maximoak espero dira).

Ipar Euskal Herrian ere eguna eguzkitsua izango da, 30 gradura iritsiko ez den tenperaturarekin.

Asteartean, goizetik ezegonkortasun apur bat espero da, zaparrada batzuekin eta ekaitzekin. Gainera, itsasertzeko puntuei eragin diezaiekete, eta ez barnealdekoei bakarrik. Eguerdi partean, giroak lasaitasun apur bat berreskuratuko du eguzki tarteekin, baina, egunaren amaieran, euri-jasak eta ekaitzak itzuliko dira. Haizeak iparraldetik joko du, eta ez da tenperaturan aldaketa nabarmenik espero.

Nafarroan, zerua hodei gutxirekin egongo da, erdi mailako hodei eta goi-hodeiekin, eta hodeiak garatuko dira eguerdi partean; hala ere, zaparrada sakabanatuak eta noizbehinkako ekaitzak izango dira, eta, Pirinioetan, gehiago izango dira. Tenperaturak, aldaketarik gabe.

Ipar Euskal Herrian, eguzkia izango da nagusi berriro, eta termometroak igoko dira, baina 30 gradutik gora egin gabe.

Asteazkenean, tenperaturak 35 gradura igoko dira bai barnealdean, bai Euskadiko kostaldean, eta Nafarroan, tenperatura minimoak ez dira aldatuko edo igoera txikiak izango dituzte. Hala ere, maximoek gora egingo dute. Ipar Euskal Herrian ere nabarituko da beroa, 30 gradutik gorako termometroek gora egingo baitute.

Uneoro, eguraldiari buruzko informazio gaurkotua kontsulta dezakezu eitb.eus-en, edo zure argazkiak bidali.  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak