Gizartea -

Trafikoa

N-1a berriro zabaldu dute Tolosa parean, bi ibilgailuk izandako istripu baten ondorioz itxita egon ostean

Bi pertsona zauritu dira ezbeharrean eta erietxera eraman behar izan dituzte. Gune horretan bypassa zegoen ezarrita, lanengatik. Ilarak daude oraindik.

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi ibilgailuk elkar jo dute gaur N-1 errepidean Tolosa parean (Gipuzkoa), eta, ondorioz, errepidea guztiz itxi behar izan dute. Errepidea 08:40an zabaldu dute berriro, baina ilarak daude oraindik (09:30eko egoera), Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez. Bi pertsona zauritu dira.

Ezbeharra 07:00etan jazo da aipatu errepidean eta Madrilgo noranzkoan. Argitu gabeko arrazoiak tarteko, bi ibilgailuk talka egin dute eta bi pertsona zauritu dira. Bi gidariak auto barruan geratu dira harrapatuta. Donostiako Ospitalera eraman dituzte biak. 

Errepide horretan bypassa dago jarrita larunbatetik, errepideko zoruaren egitura berreraikitzeko eta birgaitzeko lanak tarteko. 

Talkaren ondorioz, bidea itxi dute, eta sei kilometrorainoko ilarak sortu dira. Ertzaintzak A-15etik eta Iruratik bideratu du zirkulazioa. Albiste hau berridazteko unean (09:35), pilaketak zeuden oraindik. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Trafikoa Gipuzkoa Tolosa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak N-1