Gizartea -

Eraso matxistak

Azken hilabetean 20 ziztada salatu dituzte Nafarroan

Oraingoz, sumisio kimikoa lortzeko droga inokulaziorik ez da izan, baina gertakariek alarma sortu dute, eta ondorio penalak izan ditzakete, Javier Remirez Barne kontseilariak ohartarazi duenez.

Gazteluko plaza, Sanferminetan. Argazkia: EFE
Gazteluko plaza, Sanferminetan. Argazkia: EFE
Gazteluko plaza, Sanferminetan. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Foruzaingoak ziztaden 20 salaketa jaso ditu azken hilabetean Nafarroako Foru Erkidegoan. Hala ere, oraingoz, sumisio kimikoa lortzeko droga inokulaziorik ez da izan, baina gertakariek alarma sortu dute, eta ondorio penalak izan ditzakete.

Javier Remirez Nafarroako lehen presidenteorde eta Barne kontseilariak ohartarazi duenez, "nahiz eta orain arte sumisio kimikoaren frogarik ez izan, emakumeak izutzea ez dugu onartuko, eta, beraz, jokabideen aurrean zorrotzak izango gara".

INTERESEKOA: Emakumeei egindako ziztadak: zer dira eta zer eragin nahi dute

Foruzaingoko iturriek azaldu dutenez, oraingoz 20 bat salaketa jaso dituzte, gehienak, emakume gazteek jarritakoak. Festa esparruetan eta gaueko aisialdian gertatu dira, gehienak (14) iragan sanferminetan, baina Lizarrako eta Berako jaietan ere jazo dira.

"Nafarroako Osasun Zerbitzuak egindako analisi guztiek emaitza negatiboa eman dute balizko sumisio psikiko batekin zerikusia izan dezakeen edozein substantzian, eta biktimek ez dute eraso fisiko, sexual edo lapurretarik jasan, ezta saiakerarik ere", azaldu du Foruzaingoak. Hala ere, ikerketak zabalik ditu Poliziak.

Ziztadak zotzekin

Foruzaingoak erantsi duenez, txantxa gisa zotzekin edo beste objektu batzuekin ziztadak egiten ari direla nabaritu dute azkenaldian. Edonola ere, berehala 112 zenbakira deitzeko gomendioa eman dute foruzainek, osasun zentro batean analisiak egiteko, biktima babesteko zein egileak identifikatzeko, baita salaketa aurkezteko ere.

Ziztadak "benetakoak" direla nabarmendu du Javier Remirez kontseilariak, 20 salaketek demostratzen duten bezala. Ondoren, delitu, sexu-eraso ala lapurretarik ez gertatzeak agerian utzi du "pertsona batzuk modu erabat onartezinean egoeraz aprobetxatzen ari direla, emakumezkoen artean antsietatea sortzeko", kritikatu du.

Horregatik, argi utzi nahi izan du kontseilariak: "ondorio penalak izan ditzake, lesioa frogatzen baldin bada, egilea atxilotuz gero, lesio delitua genero larrigarriarekin inputatu diezaiokete, helburua emakumeei kalte egitea baldin bada".

"Tentaldia izan dezaketen pertsonek 'txantxarik' ez dela jakin behar dute, jokabide arduragabea garesti aterako zaielako", errepikatu du.

Matxismo adierazpena

Remirezek onartu duenez, "matxismo adierazpen bat da, emakumezkoen artean kezka eragin nahi duelako, antsietatea sortu, eta, beraz, jaiaz gozatzea oztopatu, nahi duten tokian ibiltzeko askatasuna mugatzeko".

"Polizia indarren artean erabateko lankidetza dago", ziurtatu du presidenteordeak. Remirezen ahotan, administrazioek, aurrena, lan prebentiboa egin behar dute "hezkuntzatik", familia zein eskola esparruan. Zentzu horretan, Foru Gobernuak duela urte batzuk Skolae programa martxan jarri zuela gogorarazi du, txikitatik "edozein adierazpen matxista saihesteko jokabideak" izatea bultzatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Nafarroa Salaketak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Jaiak Matxismoa Feminismoa Foruzaingoa