Gizartea -
Energia aurrezteko neurriak
Donostiak argiak itzaliko ditu gauean, baina berriz piztuko ditu Aste Nagusian zehar
Eneko Goia alkateak ziurtatu du hiriburu donostiarrak dekretua beteko duela. Hala ere, Aste Nagusian zehar herritarren segurtasunari eragin diezaioketen argiak ez dituzte itzaliko.
Agentziak | EITB Media
Donostiak eraikin eta toki esanguratsu batzuen argiak itzaliko ditu goizaldean, baina berriro piztuko ditu Aste Nagusiko gauetan, herritarren "segurtasuna" bermatzeko.
Udal Gobernua bildu ondoren emaniko prentsaurrekoan, Eneko Goia alkateak ziurtatu duenez, hiriburu donostiarrak energia aurrezteko dekretua beteko du. Horrela, 22:00etatik aurrera erakusleihoen eta eraikin publikoen argiak itzaliko dituzte.
"Bete beharrekoak dira, eta neurriak errespetatuko ditugu", azpimarratu du Goiak. Donostiako udaletxea iragan ostiraletik gauetan itzalita dagoela gogorarazi du alkateak.
Orain beste eraikin eta toki esanguratsuak itzaliko dituzte, adibidez, Santa Klara uhartea, Urgull mendia, Kursaala, Tabakalera edo Victoria Eugenia antzokia.
Hala ere, Aste Nagusian zehar herritarren segurtasunari eragin diezaioketen argiak ez dituzte itzaliko. Festak larunbatean hasiko dira, eta argi guztiak piztuko dituzte.
Bestalde, energia aurrezteko neurriek Eguberrietako argiztapenari nolabait eragin diezaioketen galdetu diote alkateari. Printzipioz, argi apaingarriak jartzeko prozedurak "normaltasunez aurrera" jarraitzen duela esan du Goiak.
Hala ere, unea heltzen denean, Udalak egoera aztertu eta "indarrean dauden neurriak beteko" dituela zehaztu du. "Guk ez dugu Auzitegi Konstituzionalera joko", adierazi du, txantxetan.