Gizartea -
Algortako Portu Zaharra
Bi gazte atxilotu dituzte Getxon, beste bat buruan larri zauritzea egotzita
Biktima burutik odoletan eta konortea erdi galduta aurkitu zuten. Gurutzetako Ospitalera eraman behar izan zuten, larri.
Agentziak | EITB Media
Ertzaintzak 23 eta 24 urteko bi gizon gazte atxilotu ditu ostegun goizaldean, beste gazte bati eraso egitea leporatuta.
Biktima burutik odoletan eta konortea erdi galduta aurkitu zuten. Gurutzetako Ospitalera eraman behar izan zuten, larri.
Gertakariak 16:00ak aldera jazo ziren. Getxon zegoen patruila batek jaso zuen abisua. Algorta auzoko Portu Zaharrean zauritu baten berri eman zuen partikular batek. Lekukoaren arabera, beste bi gaztek zaurituari eraso egin zioten.
Ertzainak berehala bertaratu ziren, gaztea eserleku batean zegoela egiaztatzeko. Konortea erdi galduta, burutik odoletan eta arnasa hartzeko zailtasunekin topatu zuten.
Osasun langileek biktima artatu, eta Gurutzetako Ospitalera eraman zuten. Ustezko egileen bila hasi ziren agenteak, eta Algortako etorbidean aurkitu dituzte bi susmagarriak.
Biek arropetan odola zuten, eta horietako batek burdinazko ukabil bat zeraman hiru atzamarretan. Gainera, lesioak zituen.
Biek onartu dute beste gazte batekin borrokatu direla. Horregatik, atxilotu eta ertzain-etxera eraman dituzte.
Ertzaintza gertakariak argitzeko ikertzen ari da.