Ume lapurtuak -
Legebiltzarreko lantaldea
EAEko ospitaletako buruek baztertu egin dituzte haurren lapurretak
Gurutzetako Ospitaleko jaioberrien unitateko buruak aitortu du ''legez-aparteko'' adopzioak egon zitezkeela. ''Jaioberriek ez dituzte hezurrik, beraz, hilotzaren kontserbazioa ezberdina da'', esan du.
Erredakzioa
Araba, Gurutzeta (Bizkaia) eta Donostiako ospitaletako arduradunek baztertu egin dute haur lapurtuen kasurik egotea, haien hitzetan ez baita ''ulergarria bizirik jaio den haur bat ospitale publiko batean desagertzea''. Edonola ere, Gurutzetako Ospitaleko jaioberrien unitateko buruak aitortu du ''legez-aparteko'' adopzioak egon zitezkeela, ''ziurrenik asmo onekin''.
Eusko Legebiltzarrean 1940 eta 1990 bitartean izan ziren umeen ustezko lapurretak eta adopzio irregularrak ikertzeko helburua duen batzordean agerraldia egin dute Araba, Gurutzeta eta Donostiako ospitaletako arduradunek, Tolosako klinikako ordezkariekin batera.
Enrique Gonzalez Molina Arabako ospitaleko jaioberrien unitateko buruaren hitzetan, ''ez da ulergarria bizirik jaio den haur bat ospitale publiko batean desagertzea, prozesuan parte hartzen duten pertsona kopurua kontutan hartuta''.
Adolfo Valls i Soler Gurutzetako Ospitaleko jaioberrien unitateko buruak, bestalde, haurren lapurreta ''oso nekez gertatzeko'' modukoa dela uste du, eta 1973tik ''desagertutako edo aldatutako haurren inguruan hitz egiterik ikusi edo entzun'' ez duela esan du.
Edonola ere, aitortu du ''legez-aparteko'' adopzioak egon zitezkeela. "Orduan oso zorrotza zen legea. Jaioberria haur abandonatuen etxera igorri behar zen, eta hainbat hilabete eman behar zituen han derrigorrez. Zenbaitetan, urteak egin zitzakeen han. Edozein medikuk edo familiako kidek pentsa zezakeen haurrari gerta litzaiokeen gauzarik txarrena zela hori. Beraz, ulergarria da amak haurra adopzioan emandakoan, asmo onenekin, ''legez-aparteko'' adopzioak egitea. Hala ere, Valls i Solerrek argitu du egoera horien testigantza zuzenik izan ez duela.
Datuekin sortutako arazoak direla-eta, Gurutzetako Ospitaleko jaioberrien unitateko buruak esan du hamar urtetik gorako informazioa gordetzeko obligaziorik ez dagoela, eta Gurutzetako ospitalean ''dokumentazio asko'' galdu dela, istripuetan, uholdeetan eta tokialdaketetan.
Juncal Etxeberria Donostiako Ospitaleko jaioberrien unitateko burua, bestalde, kasu hauek gizartean eragiten ari diren ''konfiantza faltagatik'' arduratuta agertu da.
Azkenik, Tolosako klinikako zuzendariak azaldu du bertan informazioa eskatu duten 29 pertsonei ezin izan zaiela daturik eman, ezin izan dutelako beren historia klinikoa edo bere dokumenturik aurkitu.
Jaioberriek ez dute hezurrik
Jaioberriek hezurrik ez dutela azaldu du agerraldi horretan Adolfo Valls i Solerrek, auzitegietako medikuek kutxak lurretik ateratzean hezurrik aurkitu ez izana azaltzeko.
''Ez dute hezurrik, kartilagoak baino. Beraz, hilotzaren kontserbazioa ezberdina da'', azaldu du. ''ADN arrastoak beharbada bai egon beharko lirateke; baina, hezurrik ez aurkitzeak ez du ezer esan nahi, jaioberriak ez baitauzka'', gaineratu du.