Gizartea -
Begoñako ''Amatxu''
Bueltan da Begoñako erromeria, Bilbon, bi urteko etenaren ondoren
Bizkaiko udalerri askotatik etorritako milaka fededun biltzea espero da. Lehenengo meza 04:00etan izango da, eta 21:00etan azkena. Joseba Segura Bilboko gotzainak 12:00etako eukaristia zuzenduko du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pandemiak behartuta, bi urteko etenaren ondoren, Begoñako erromeria ospatuko dute astelehen honetan Bilbon. Bizkaiko barruti guztietan ospatzen da Andra Mari egunaren jai erlijiosoa, baina hitzordurik jendetsuena Begoñako basilikarena izan ohi da. Hori dela eta, Artagan magalean kokatutako basilikan Bizkaiko udalerri anitzetatik etorritako milaka fededun biltzea espero da.
Bizkaiko Elizbarrutiak jakitera eman duenez, lehenengo meza 04:00etan izango da, eta 21:00etan azkena. Joseba Segura Bilboko gotzainak 12:00etako eukaristia zuzenduko du. Juan Maria Aburto Bilboko alkatea, Gotzone Sagardui Osasun sailburua eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea izango dira bertan.
Azken urteetan tradizio bihurtu da Bilboko alkateak ohorezko aurreskua dantzatzea, mezaren ondoren.