Gizartea -
Bilboko Aste Nagusia
"Ilusioa, dibertsioa eta erantzukizuna" ardatz hartuta helduko dio Bilboko Udalak Aste Nagusiari
Bi urteko etenaren ostean, larunbatean hasiko dira Bilboko jaiak. Programazioa aurkeztu du gaur Itziar Urtasun Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak. 500 ekitaldi inguru antolatu dituzte bederatzi egunetarako.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Bi urteko etenaren ondoren, ate joka dago Bilboko Aste Nagusia, eta Udalak "ilusioa, dibertsioa eta erantzukizuna" ardatz hartuta heldu die jaiei, Itziar Urtasun Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak nabarmendu duenez.
Urtasunek prentsaurrekoa egin du gaur Udaletxean, jaietako lantaldea ondoan zuela, programazioaren nondik norakoak aurkezteko. Udalak hiru milioi euro inguru izan ditu jaiak antolatzeko, 2019an baino % 20 gehiago.
"Seguru nago Aste Nagusiak lagunduko digula ilusioa eta poztasuna itzultzen bilbotar guztiei eta baita zenbait lekutatik etorritako bisitariei ere", azpimarratu du Urtasunek. Horrez gain, "Udaletik, inklusiboa, eskuragarria, berdintasunezkoa, kulturartekoa eta jasangarria izan dadin" lanean ari direla erantsi du.
Zinegotziaren hitzetan, jaiak "Bilboren eta Bizkaiaren motor ekonomikoa" dira, eta "eskaintzen duten aisialdi eta kultura eskaintza doakoa ikusita, baita Europako hiri-gertaera garrantzitsu eta handiena ere". Pandemiak behartutako bi urteko etenaren ondotik, "jendetza" hurbilduko delakoan daude Udaleko arduradunak, Gasteizen eta Donostian gertatu bezala.
Udalak "musika eskaintza zabala programatu du, gustu eta ikus-entzule guztietarako" doako 100 musika-jarduera baino gehiagorekin hiriko bederatzi agertokitan. Iragarrita dauden kontzertuen artean, aipatzeko modukoak dira La Oreja de Van Gogh, el Drogas edo ETS (Gaztearen eskutik) taldeekl eskainiko dituztenak, Valerie Ekoume edota Luar Na Lubre munduko soinuak, edota Bilborock urtero hartzen duten bertoko rock eta metal taldeen emanaldiak. Berrikuntza gisa, musika koralari lekua egingo diotela lehen aldiz "Zubitik zubira" ekimenarekin. Abuztuaren 27an, Bilboko Koral Elkarteko abeslari talde handi batek hiribilduko hainbat zubien arteko zeharkaldia egingo du itsasontzi batean, Israel Santamaría pianistak, Carlos Velasco gitarristak eta Pablo Almaraz harmonizistak lagunduta. Horiei guztiei, ohiko dantzaldi eta bilbainadez gozatzeko aukera izango da.
Gas Plaza eta Casilda Iturrizar parkeko Txikiguneko pergolako agertokia kale antzerkiko gune gisa finkatu dira jaietan, eta Udalak 18 ikuskizun programatu ditu 17 konpainiaren eskutik, bi zigilu bilbotarra dutenak (Panpotx eta Eidabe); zortzi Euskadiko gainerako zenbait herritakoak; sei, Estatukoak, eta bi, nazioartekoak. Horrez gain, astelehenetik larunbatera Antzoki Ibiltaria antzezlana eskainiko dute, Bilboko punturik enblematikoenak gurutzatuta. "Tour" horretan (Bilboko autobus turistiko klasiko batean egingo da), Gurutze Beitia aktore bilbotarrak egingo ditu gidari lanak, eta hiriko historia eta pasadizoak umorez azaltzen saiatuko da.
Haurrek Txikigunea izango dute, betiko legez, euren festaren erdigune. 33 jarduera antolatu dituzte, NBEren 2030 Agendako Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) ardatz. Familientzako beste hitzordu garrantzitsu bat izan ohi da Balearen Desfilea (abuztuak 21, 19:00etan).
Azkenik, hiriko zerua berriro argituko dute berriro Aste Nagusiko su artifizialek. Mundu osoan ospea duten eta Italia, Frantzia, Coruña, Granada, Valentzia eta Zaragozatik etorriko diren zortzi piroteknia-konpainietatik zazpi lehiatuko dira aurten Bilbo Hiria Su Festen Nazioarteko Lehiaketaren XXX. edizioan, 22:30etik aurrera, Ikus-entzuleen eta Epaimahaiaren Saria eskuratzeko, eta aurten, berritasun gisa, Sari Berdea, pirotekniako hondar gutxien sortzen dituenarentzat. Azken gauean, hilaren 27an, Valecea Pirotekniak (Araba) erakustaldia emango du.