Gizartea -

Donostiako Aste Nagusia

30 urtean lehen aldiz bertan behera geratu dira Donostiako suak, haizeteen ondorioz

Sagueseko eta Kursaaleko kontzertuak ere ezin izan dituzte egin. Gainera, erraldoiak eta buruhandiak atera ezinda geratu dira Antigua auzoan.

Saguesen Mitic taldeak eskaini behar zuen kontzertua
Saguesen Mitic taldeak eskaini behar zuen kontzertua
Euriak bete-betean harrapatu du Donostiako Aste Nagusia

1:47

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Aste Nagusiko su artifizialak eta kontzertu batzuk bertan behera utzi behar izan dituzte bart, haize bolada gogorren eta euriaren ondorioz.

Azken ordura arte ez zuten erabakia hartu, baina 60 km/h-ko haize boladak tarteko, su artifizialen emanaldia bertan behera uztea ebatzi zuten azkenean. 30 urtean lehen aldia da ikuskizun pirotekniko bat egin gabe uzten dutela Donostiako jaietan.

Gainera, Gartxotek Kursaaleko terrazan eta Mitic talde galiziarrak Saguesen eman behar zituzten kontzertuak ere ezin izan zituzten egin, Donostiako Udalak jakinarazi zuenez. Erraldoiak eta buruhandiak atera ezinda geratu ziren Antigua auzoan.

Abisu horia euriagatik

Bi hilabete lehor eta beroren ostean, asteazken honetan bueltan izan da euria, eta, gainera, nabarmen busti du. Hala, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak indarrean du, eguerditik, abisu horia euriagatik, kontuan izanik aukera dagoela 24 ordutan metro koadroko 60 litrotik gora pilatzeko. Hala, osteguneko 18:00etara arte luzatu du asteartean iragarritako abisua.

Nafarroa, asteazkeneko 18:00etatik osteguneko 15:00etara arte, abisupean izango da euriagatik ere, eta Ipar Euskal Herrian, osteguneko 06:00etara arte, ekaitz elektrikoak izateko arriskuagatik ezarri dute abisu horia.

Asteazken eguerdian, hiru abisu hori sartu dira indarrean: zaparrada handiengatik, zaparrada iraunkorrengatik, eta itsasaldeko arriskuagatik. Olatuak bi metrotik gorakoak izan litezke, eta, eguneko azken orduetan, baliteke itsaski handia eragitea, itsaso zakarreko guneekin.

Iragarpenaren arabera, asteazkeneko eguerditik zaparrada ertainak izango ditugu, eta Gipuzkoako eta Bizkaiko puntu batzuetan ekaitzak jo lezake eta zaparrada handiak izan litezke. Bi lurralde horietan, baliteke ordubetean metro koadroko 15 litro baino gehiago botatzea, itsasaldean batez ere. Ostegunean, handiagoak izango dira zaparradak; kostaldean, 20 litrotik gora bota litzake.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, asteazkenean izango dugun eguraldi-aldaketa ostegunean izango da nabariagoa; egun horretan, zaparradak handiagoak izango dira, eta mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko Haizea biziago ibiliko da. Tenperaturak freskoak izango dira, eta giro desatsegina.

Ostegunak aurrera egin ahala, prezipitazioak txikiagoak izango dira, kantaurialdeko ekialdean izan ezik; han, denbora luzeagoa beharko dute, euria egiteari uzteko.

Ostiralean, orduek aurrera jo ahala, egoerak hobera egingo du. Goizaldean eta lehen orduetan, lainotuta egongo da, eta kantaurialdeko ekialdean baliteke euri apur bat egitea; goizean zehar, baina, ostarteak zabalduko dira, pixkanaka, eta arratsaldean handiak izango dira ostarte horiek.

Maximoak igoko dira, eta Euskadiko puntu askotan 25-26 graduren bueltan kokatuko dira, haizeak iparraldetik joko badu ere.

Nafarroan, Aemet Estatuko Meteorologia Agentziak abisu horia eman du, euriagatik ere; osteguneko 15:00etara arte izango da indarrean, kontuan izanik ordubetean 15 milimetro pila litezkeela, 40 hamabi ordutan.

Iparraldean abisu horia dago indarrean ekaitz elektrikoengatik 06:00etatik biharko 06:00ak arte. Gogotik egingo du euria eta baliteke han-hemenka ekaitzak jotzea egun osoan zehar. Mendebaldeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Ekaitz arriskuak ostegun eguerdira arte jarraituko du, eta orduan zerua apurka-apurka irekitzen hasiko da, baina haize zakarrak jarraituko du, bolada gogorrekin. Ipar Euskal Herrian, ez da eguzkirik izango ostiral eguerdira arte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kontzertuen bideoak Donostiako jaiak Alde Zaharrean Donostiako azken albisteak Musika Gizartea Eguneko albisteak Kultura Albisteak Jaiak