Gizartea -

ELKARRIZKETA

Legarreta: "Egun dugun zailtasun handiena Frantziako Poliziak Irungo mugan duen kontrol arrazista da"

Eusko Jaurlaritzako Immigrazio eta Asilo zuzendariak onartu du migratzaileen etorrerak nabarmen egin duela gora Irungo mugan 2018. urteaz geroztik, eta adierazi du aurten, dagoeneko, 4.500 pertsona inguruk erabili dituztela mugako migrazio baliabideak.

Xabier Legarreta, Eusko Jaurlaritzako Immigrazio eta Asilo zuzendaria. Irudia: EITB Media
Xabier Legarreta, Eusko Jaurlaritzako Immigrazio eta Asilo zuzendaria
Xabier Legarreta, Eusko Jaurlaritzako Immigrazio eta Asilo zuzendaria. Irudia: EITB Media

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Immigrazio eta Asilo zuzendariak ziurtatu duenez, gaur egun duten zailtasunik handiena "Frantziako Poliziak Irungo mugan egiten duen kontrol arrazista da"; izan ere, pertsonek bizitza gehiago arriskatzen dute. "Espainiako Gobernua horren jakitun da", gaineratu du.

Ostegun honetan Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketan, Legarretak onartu du Irungo mugara iristen diren migratzaile kopuruak nabarmen egin duela gora 2018tik, eta, ondorioz, euskal administraziook "erantzun humanitarioa emateko prestatu behar izan dugu". Zehaztu duenez, aurten, dagoeneko, 4.500 pertsonak erabili dituzte migrazio baliabideak Irungo mugan.

Espainiako Gobernuak onartu berri duen Atzerritarren Araudiaren erreformari dagokionez (dekretu horrek lan baimenak emateko izapideak malgutzen ditu), Immigrazio eta Asilo zuzendariak adierazi du beharrezkoa zela, eta "aurreranzko urratsa" egin dela.

Hala ere, "aurrerapeuso gehiago" behar direla uste du, hala nola burokrazia hobetzea edo dokumentazioa arintzea. Era berean, gogorarazi du gaur egun unibertsitate ikasketak dituzten pertsona asko kualifikazio txikiko enpleguetan ari direla lanean.

Gauzak horrela, Legarretak lanean jarraitzeko apustua egin du, eta irailean negoziazioei berriro ekitea espero du, "migrazio politikak garrantzitsuak baitira Eusko Jaurlaritzarentzat".

Euskadiko jaiotza tasa txikiari dagokionez, Immigrazio eta Asilo zuzendariak uste du migrazio fenomenoa egiturazkoa dela, geratzeko etorri dela eta beharrezkoa dela. "Inor ez dago soberan Euskadin", zehaztu du.

Eskola segregazioaz galdetuta, "kultura aniztasuna gero eta handiagoa" dela iritzi dio Legarretak, eta zenbait lekutan desoreka dagoela onartu du. Hala ere, uste du dena ez dela hezkuntzaren erantzukizuna, eta faktore asko aztertu beharko liratekeela, hala nola etxebizitzak, zergatik kontzentratzen diren puntu horietan...

Errefuxiatu ukrainarrei buruz zehaztu du uztailaren 29rako Ukrainatik etorritako 3.500 pertsonak Euskal Autonomia Erkidegoko polizia etxeetan nazioarteko babesa izapidetu zutela, eta ordurako 2.700 ukrainarrek eskatu eta eskuratu zutela Euskadin osasun laguntza ematen dien osasun txartela. Gainera, ikasturtea amaitzeko, 780 pertsona inguru eskolatu ziren hezkuntza sisteman, eta 411, helduen hezkuntza sisteman.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak migrazioa gaur Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Frantzia argazkiak Gizartea bideoak Gaurko titularrak Irun bideoak Albisteak