Ekonomia -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Goia: "Uste dut Donostiakoaren gainetik beste interes batzuk inposatzen ari direla turismo tasaren kontura"
Donostiako alkateari "harrigarriak" egin zaizkio Udaleko PSE-EEko ordezkariek egindako adierazpenak, "kontuan hartuta gai hori aho batez onartu zuela Udalbatzak 2019an. Beraiek azaldu beharko dute zergatik aldatu duten iritziz".
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Eneko Goia Donostiako alkateak nabarmendu du, Marisol Garmendia Donostiako PSE-EEko zinegotziak leporatutakoa gorabehera, bera ez dagoela "turismo tasarekin obsesionatuta", eta erantsi du uste duela "Donostiakoaren gainetik beste interes batzuk inposatzen" ari direla gai horren kontura. Izan ere, azpimarratu duenez, Garmendiaren adierazpen "harrigarriak" Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburuak "esandakoak eta gero" etorri dira. "Niri dagokit Donostiako interesak defendatzea, eta hori egingo dut", ohartarazi du.
Goia Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan elkarrizketatu dute gaur, turismo tasaren inguruan koalizioko bazkidearekin desadostasunak sortu eta biharamunean. EAJren alkateak berretsi du "Donostiako klabean, eta gure errealitatetik" tresna hori "interesgarria" dela "turistei eskaintzen dizkiegun zerbitzuak hobetzeko". Dena dela, aitortu du euren asmoa ez dela ezer inposatzea: "Bilbok edo Gasteizek ez badute nahi halako tasarik ezarri, ulertzen dut". Horren esanetan, 2019an egindako kalkuluen arabera, hiru euro jarrita, "lau milioiko gehigarria" lortuko luke Udalak eta horiekin zerbitzuak hobetzeko modua izango luke; "hori baita helburua", argitu du.
Azaldu duenez, Gipuzkoako Aldundiarekin "lana eginda" dute, eta, duela hiru urte, Larrañaga Ogasun diputatuarekin tasa ezartzeko "elkarlanari bidea" eman zioten, "baina ez dago argi nahikoa ote diren lurraldeko eskuduntzak tasa indarrean jartzeko. Beharrezkoa balitz Legebiltzarrera joatea hala egingo nuke", azaldu du. Horren iritzian, tasak ez ditu "turistak uxatuko", eta Kataluniako edo Valentziako kasuak aipatu ditu horren adibide.
Donostiako Aste Nagusia hizpide, jakinarazi du "hirugarren gauez nahiko lasai" joan dela, eta ez dela salaketarik egon eraso matxistengatik. Ziztadei buruz, onartu du "kezkatuta" daudela sortutako "zurrunbiloagatik", ziztatzea ez baita zaila, baina bai, ordea, "atzematea". Zehaztu du Donostiako Aste Nagusi osoan zehar bi salaketa formal izan dituztela jaietan.
Hori gorabehera, "arazoak arazo, eta euriak euri", festetan "giro onean gozatzeko aukera" izan dela nabarmendu du, eta irudipena duela azken urteetako jendetsuenak izan direla. "Turistak ere bai, bisitariak lepo izan ditugu, eta ikusi beharrik ez zen goizean etorri eta gero iluntzerako Topo inguruan biltzen zen jendetza". Dena dela, oraingoz jasotako bisita kopuruaren daturik ez duela esan du, datuak hilabete amaieran ematen baititu turismo bulegoak.