Gizartea -
bilboko aste nagusia
Inoiz baino gehiago, jai gogoz datorkigu Marijaia
Larunbat honetan hasita eta datorren iganderaino, abuztuak 28, Bizkaiko hiriburua girotuko dute jaiek, bi urteren ostean. Marijaiari harrera zuzenean izango da ikusgai ETB2n eta eitb.eus-en, 18:15etik aurrera.
itxaso leon kareaga | eitb media
Bi urteko atsedenaldi luzearen ostean, Marijaia bueltan izango dugu larunbat honetan, abuztuaren 20an. Bilboko Aste Nagusiari hasiera emango dio arratsaldeko txupinazoan, eta hortik aurrera jarduera sorta zabala ekarriko digu datozen egunetarako.
Izan ere, Bilboko Udalak egitarau betea prestatu du 2022ko Aste Nagusi honetarako, askotariko ekitaldi eta proposamenekin. Era berean, Bilboko Konpartsek ere proposamen zabala bota digute, adin eta gustu guztiak asetzeko asmoz. Egun osoan zehar zein ilargipean izango dira gozagai jarduerok.
Musika aldetik ere, denetariko kontzertuak izango ditugu aukeran, urian zehar kokatutako agertoki desberdinetan zein txosna gunean bertan. Arte eszenikoen bidetik jarraituz, antzerki eskaintza zabala eta anitza izango da datozen egun eta asteetan Bizkaiko hiriburuan.
Bilboko Aste Nagusiko ekitaldi nabarmenenak zuzenean eskainiko ditu EITBk larunbat honetatik aurrera. Hasteko ETB2k, eitb.eus-ek, Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik zuzenean eskainiko dute jaien hasiera iragarriko duen pregoia eta txupinazoa. Marijaiari harrera zuzenean izango da ikusgai ETB2n eta eitb.eus-en, 18:15etik aurrera.
Gainera, "Edozein Herriko…" saioak jai giroaren berri emango du egunero, eta suak eskainiko ditu zuzen-zuzenean gauero. ETB1ek, bestalde, "Lau teilatu: Zea Mays" kontzertu berezia eskainiko du.
Eguraldia ona izango da, oro har, asteburuan eta hurrengo egunetan, Euskalmeten iragarpenaren arabera. Han-hemenka euri arina egitea baztertzen ez den arren, Bilboko Aste Nagusiko lehen egunek giro epela ekarriko dute oro har, festak errespetatuz.
Hala, tenperatura maximoak igo egingo dira larunbatean, 27-29 ºCren bueltan ibili litezkeelarik, eta minimoak, berriz, 17-18 ºC inguruan geratuko dira.
Mugikortasunari dagokionez, Metro Bilbaok larunbat honetan berreskuratuko du Aste Nagusian eskaini ohi zuen etengabeko zerbitzua; hala, bederatzi jaiegunetan, 6.375 zirkulazio eskainiko ditu.
Eraso matxisten gain arreta berezia
Jai giroan izan daitezkeen eraso matxistak ekiditeko zein horien aurrean jarduteko, baliabide bereziak ipiniko dituzte aurten gizarte eragile desberdinek.
Hala, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak Bilboko Aste Nagusirako segurtasun operatibo koordinatua aurkeztu dute ostiral honetan.
Horrekin batera, gomendioak kaleratu dituzte ziztaden biktimentzat. Aholkuok Emakundek eta Eudelek jaietan eraso matxistei aurrea hartzeko gidan jasota daude, eta abuztu hasieran gehitutako sumisio kimikoari buruzko eranskinean bildutakoen oso antzekoak dira.
Bestalde, eraso matxisten harira, "Ez beti da ez" leloa gaindituta, "Bakarrik bai da bai" mezua hedatu nahi du aurten Bilboko Udalak Aste Nagusiari begira. Esaldi hori da, hain justu, jaietarako prestatu duten prebentzio eta sentsibilizazio kanpainaren protagonista.
Halaber, biktimei laguntzeko baliabideei dagokionez, aurreko urteetan bezala, lau puntu more ezarriko dituzte kontzertu gune nagusietan (bina, Abandoibarra eta Europa Parkean). Bertan, gaian trebatutako langileek arreta eta laguntza eman eta eskainiko diete eskatzen dutenei.
Konpartsek, euren aldetik, "protokolo espezifiko eta propioa" prestatu dute erasoren bat, dela matxista, LGBTIfobiko edo arrazista, pairatzen duten pertsonak artatzeko eta zaintzeko.