Gizartea -

Elkarrizketa

Izaskun Landaida: "Kasu bakar bat dagoen unetik, ezin dugu balorazio positiborik egin"

Emakundeko zuzendariak berdintasunezko jaien alde udalerrietan egin den ahalegina nabarmendu du, eta adierazi du eraso eta ziztadek erakusten dutela lanean jarraitu beharra dagoela.

Izaskun Landaida. Artxiboko irudia: EITB.
Izaskun Landaida. Artxiboko irudia: EITB.
Izaskun Landaida. Artxiboko irudia: EITB.

O. P. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Aste Nagusia amaitu berritan eta herrietako udako jai asko igaroak direnean, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak Euskadi Irratiko Faktorian egindako elkarrizketan nabarmendu du ezin dela jaien balorazio positiborik egin indarkeria matxista kasu bakar bat gertatzen bada.

Hala ere, bi urtez jairik gabe egon eta horiek berreskuratu diren udan, udalek, herrietako talde feministek eta jai batzordeek berdintasunezko eta indarkeria matxistarik gabeko jaien alde egin duten lana azpimarratu du, gogoraraziz Emakundek ere helburu horretarako gida bat kaleratu zuela uda hasieran. 

Emakundek mugimendu feministekin "harreman ona" duela azpimarratu du. Jaien testuinguruan, zehazki, "herri bakoitzean egoera diferenteak egon daitezke, baina ezinbestekoa da elkarlana; bakoitzak bere espazioa du baina guztiok dugu helburu bera, berdintasunean oinarritutako eta indarkeriarik gabeko jaiak". 

Ziztadei dagokionez, salaketak izan badira ere, ez da sumisio kimikorik egon denik frogatu. Horren aurrean, Landaidak uste du, "hasieran alarma puntu bat sortu" bazen ere, "guztion artean egoera bideratzea lortu" dela. Bere iritziz, "sumisiorik egon gabe ere, ziztadena beste indarkeria mota bat da, beldurra zabaldu nahi delako" eta, uste duenez, inportantea da informatzea eta egoera zein den azaltzea, baina "zorroztasunez", beldurra ez elikatzeko. 

Halaber, azaldu du garrantzitsua dela gizarteak "gizartearen arazo" gisa identifikatzen duela dagoeneko indarkeria matxista "eta ez emakumeek norbanako gisa" pairatzen duten zerbait bezala; hala, gogorarazi du arazoa gizartearena izanik, "gizarte osoaren erantzuna eta konpromisoa behar" dela arazoari aurre egiteko. 

SATEVI berdintasun sailak sexu askatasun delituetarako duen telefonoan lehen seihilekoan kontsultak bikoiztu izanak "gizartean sentsibilizazio eta kontzientziazio handiagoa" dagoela adierazten du Landaidaren ustez, "emakumeek hobeto ezagutzen dituzte euren eskubideak" eta errazago identifikatzen dituzte euren kontrako indarkeria egoerak; ondorioz, "profesionalen esku uztea eta egoera horiek salatzea erabakitzen dute".

Landaidak gaineratu duenez, "perspektibarekin aztertzen badugu, ezin dugu ahaztu kasu hauek esparru pribatuan kudeatzen zirela, eta, orain, esparru publikora pasa direla, eta hori jauzi kualitatiboa da".

Halere, argi du, aurrerapausoak dauden arren, "emakumeen kontrako indarkeria egiturazko arazoa" dela. "Erroan berdintasun eza dago, eta hori zuzendu beharra dago", zehaztu du. 

Bakarrik bai da bai izeneko legean prostituzioaren atala kanpoan geratu dela eta, hari horri tiraka, Landaidak esan du "gai konplexua" dela. Emakundek berdintasunean eta askatasunean oinarritutako harremanak bultzatzen dituela gogorarazi du, eta prostituzioan harreman horiek ez direla berdintasunean oinarritutakoak, "boterean baizik eta ezin dugu hori naturalizatu". Hala, prostituzioa abolitzearen alde mintzatu da.

Era berean, nabarmendu du sektore horretan lan egiten duten emakume asko "egoera zaurgarrian" dauden emakumeak direla, "asko, beste aukerarik ez dutenak", eta gizarte gisa "egoera horretan daudenei erantzun egokia ematea ezinbestekotzat" jo du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aste Nagusia Indarkeria matxista Emakunde bideoak Gizartea Emakumeen kontrako tratu txarren salaketak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Euskadi Irratia Matxismoa gaur Feminismoa gaur