Gizartea -
Europa Foroa
Alberto Surio: 'Adostasun zabala behar dugu EITBren eredua berritzeko'
EITBren zuzendari nagusiaren esanetan, lehentasuna dute Euskal Irrati Telebistaren 'funtzio sozialak' eta bizikidetza sendotzeko ahaleginak.
Erredakzioa
Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiak gizarte eta politika adostasun zabala lortzeko deia egin du, Euskal Irrati Telebistaren etorkizuna bermatzeko. Bilboko Europa Foroan egin du adierazpen hori, EITBren 30. urteurrenari buruz emandako hitzaldian.
Zerbitzu publikoak duen funtzio soziala bermatzearen beharra azpimarratu du. Hartara, EITB sortu zeneko hastapenak nabarmendu ditu: euskararen eta euskal kulturaren defentsa aktiboa. Helburu horiek, telebista publiko europarraren ereduaren helburuekin batera, indarrean eta bizi-bizirik daude gaur egun.
'Sinesgarritasunaren borroka egunero irabazi behar du irrati-telebista honek' esan du zuzendari nagusiak, eta jarraitu: ‘gizarte osoaren konplizitatea lortu behar dugu; ez gizartearen zati baten konplizitatea bakarrik, zati hori oso garrantzitsua izanik ere.
EITB gure herriaren politika, kultura, gizarte, ekonomia eta kirol errealitate informatiboaren isla ere badela oroitu du Suriok. Bere esanetan, duela hiru urtetik hona EITBko zuzendaritzan dagoen taldeak begirada profesionala ezarri dio jardunari, 'aukeratu gintuztenek - Eusko Legebiltzarrak- izaera edo jite profesionala baloratu baitzuten. Hedabide publiko independenteak, ez sektarioak, egiteko apustu gisa ulertu genuen konpromiso hori, botere publikoek egindako apustu hori. Gizartearen zerbitzura eta ez botere publikoaren zerbitzura dauden hedabideen aldeko konpromisoa hartu zuten'. Gai honen haritik, EITBren zuzendari nagusiak nabarmendu du helburua begirada profesionala zabaltzea dela: aniztasuna errespetatuko duen irizpidea, eta demokrazia eta elkarkidetza balioak oinarritzat hartuta.
Orotariko bi telebista kateetan, eskaintza elebidunaren alde egin du Suriok; euskarazko eta gaztelaniazko eskaintzaren alde, hain zuzen ere. Bi kate horiekin batera, heziketa jarduna osatuko duen haurrentzako euskarazko katearen beharra aipatu du. Surioren iritzian, egungo euskal gizartearen errealitate soziolinguistikoa islatzen dute. Kateak murrizteari buruzko eztabaida hipotetikoan sartzea, berriz ‘huts egitea’ litzateke: ‘Aurrezpen sinbolikoa eta eskasa’ litzateke, bere ustez, eta Zerbitzu Publikoa galaraziko luke.
Telebista publikoaren modeloa ahultzeko, aurrekontuak murriztu eta publizitate sarrerak ere eskasagoak diren une honetan interes pribatuko taldeek egiten duten presioa kritikatu du EITBko zuzendari nagusiak.