Gizartea -

Otsailetik preso Polonian

Pablo Gonzalezen askatasuna lortzea eskatu diete sindikatuek Estatu espainiarrari eta Europar Batasunari

Besteak beste, ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuek hitzartu dute testua; horretan, espainiar Estatuari eta EBri galdegiten diete "euren esku dagoen guztia" egitea Poloniak kazetaria kargurik gabe aske utz dezan. Otsailaren 28tik dago kartzelan.

Pablo Gonzalez, artxiboko irudian. EITB Mediako bideo bateko argazkia.
Pablo Gonzalez, artxiboko irudian.
Pablo Gonzalez, artxiboko irudian. EITB Mediako bideo bateko argazkia.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Poloniak Pablo Gonzalez kazetaria kargurik gabe aske utz dezan "euren esku dagoen guztia" egin dezatela eskatu diete sindikatuek Estatu espainiarrari eta Europar Batasunari. Besteak beste, ELA, LAB, Steilas eta ESK euskal sindikatuek hitzartu dute testua, bai eta UGT, CC. OO., CNT eta Intersindical sindikatuek ere, eta CIG galiziarrak eta SAT andaluziarrak. Beste hainbat sindikatu txikik eta eskualdekok ere bat egin dute.

Naziotasun espainiarra eta errusiarra dituen Pablo Gonzalez kazetaria otsailaren 28an atxilotu zuten Polonian, errusiar inteligentzia militarrari laguntzea egotzita, eta kartzelan dago ordutik. Abuztuan erabaki zuten espetxealdia hiru hilabetez luzatzea, eta Apelazio Auzitegiak baztertu egin du erabaki horren aurkako demanda.  

"Testua sinatzen dugun sindikatuok, Kazetarien Nazioarteko Federazioak eta Europako Federazioak eta Prentsako Nazioarteko Institutuak ere adierazi zutenez, guztiz kezkatuta gaude Pablo González kazetariaren egoeragatik; erabat demokraziaren kontrakoa eta bidegabea da, eta egunetik egunera kritikoagoa da, gainera".

Hori dela eta, eskatu egin diete Poloniako agintariei "segituan eta kargurik gabe" aske utz dezaten Pablo Gonzalez: "Onartezina iruditzen zaigu Estatu batek modu hain arbitrarioan kazetari bat atxilotzea, inolako frogarik gabe. Prentsa-askatasunaren eta demokraziaren aurkako erasoa da, eta, hortaz, galdegiten diegu espainiar Estatuari eta Europar batasunari euren esku dagoen guztia egin dezatela, bidegabekeria honi behingoz amaiera eman diezaion".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ukraina Eusko Langileen Alkartasuna Langile Abertzaleen Batzordeak Errusia berriak Gizartea bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Sindikatuen albistea CCOO UGT Langileen Batasun Orokorra Steilas ESK Errusia-Ukraina gerra Polonia