Gizartea -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Bildarratz: "Ordezkagunean izandako arazoak ez dira langile faltagatik izan"
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak berretsi du ordezkapenak egiten dituzten irakasleen plataformako arazoak teknikoak baino ez direla izan.
M. D. | EITB Media
Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak baztertu egin du Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean Ordezkagune plataforman izandako arazoak langile faltagatik izan direnik, eta webgunearen atzerapenak eta kolapsoa arazo teknikoei egotzi dizkie.
Horrela erantzun die sailburuak ELAren kritikei. Sindikatuak Ordezkaguneko arazoak langile faltagatik izan zirela salatu du. Bildarratzek azaldu duenez, bi egunetan "680.000 eragiketa baino gehiago" egin dira, esleitzeko zeuden 2.300 plazei dagozkienak, "San Mamesen eta Anoetan aldi berean emango liratekeen zortzi kontzertutarako" sarreren salmenta hipotetiko batean bezala. "Arazo informatikoak konpondu" ahal izan direla azpimarratu du.
Gainera, nabarmendu duenez, uztailaren 15erako, ikastetxe publikoetako ia plantilla guztia osatuta zegoen, eta "irakasle guztiak oporretan joan ahal izan dira zein ikastetxetan lan egin ahal izango duten jakinda".
Bestalde, sailburuak aurreratu du datozen asteetan deituko direla merezimendu lehiaketak, Hezkuntzan aurten aterako diren lan eskaintza publikoko 6.300 lanpostuetatik 3.200 betetzeko. Bildarratzek espero du lehen horien prozesua udaberrian bukatuta egotea.
Eskola garraioaren inguruko negoziazio "zailei" dagokienez, sailburuak nabarmendu du alde guztiek "eman" dutela zerbait, Ukrainako gerraren ondorioei aurre egiteko. "Garrantzitsuena da ikasturtea hasten denerako, akordioa itxita dugula", esan du.
Azkenik, sailburuak azaldu du irailean argitaratuko dela Hezkuntzaren Legearen lehen aurreproiektua, eta herritarren, kolektiboen, Euskadiko Eskola Kontseiluaren, Emakunderen eta beste erakunde batzuen alegazioak jaso ahal izango dituela. Ekarpen horien ondoren, testu artikulatua ikuspegi juridikotik aztertuko da.