Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Bikotekide ohia nahita hil izana ukatu du Barakaldoko hiltzaileak
2010ean bikotekidea hiltzea eta haren bikotekide berria hiltzen saiatzea egotzita epaitzen ari dira. Akusazioek "pentsatutako krimena" izan zela esan dute.
Erredakzioa
Bikotekide ohia hiltzea eta haren mutil-lagun berria hiltzen saiatzea egotzita epaitzen ari diren akusatuak damututa dagoela adierazi du, eta aldez aurretik pentsatuta izatea ukatu du.
Bizkaiko Auzitegia 2010eko abenduaren 6an gertatu zen hilketa epaitzen ari da. Egun 8 urteko espetxe zigorra betetzen ari da S.M.G. tratu txarrak, urruntzeko agindua urratzea eta etxean indarrez sartzea egotzita.
Fiskaltzak 35 urteko zigorra eskatu du horrentzat Cristina E. B. hiltzea eta orduan haren bikotekidea zena hiltzen saiatzea egotzita. Gainera, urruntze agindua urratzea eta biktimaren etxean sartzea ere leporatu dio.
Akusazio partikularrak, biktimaren aitak, 40 urteko espetxe zigorra eskatu du, erasotik bizirik atera zen biktimaren lesioak kontuan hartuta. Bestetik, kalte-ordainak gehitzeko eskaera ere egin du; zehazki, 180.000 euroko kalte-ordainak eskatu ditu biktimaren aitarentzat, eta 240.000 eurokoak zauritutako gaztearentzat.
Barakaldoko Udalak (akusazio partikularra) eta Estatutako abokatuak (indarkeria matxista epaitzen delako) hilketa aldez aurretik pentsatuta zuela defendatu dute.
Akusatuak tratu txarrak ukatu ditu
S.M.G.-k ukatu egin du "biktimari inoiz tratu txarrak eman eta jo izana". Gainera, emakumeak salaketa faltsua jarri zuela adierazi du.
Erasoaren egunean, biktimaren etxean "hitz egiteko" itxaron ziola kontatu du, eta hura beste gizon batekin iritsi zela eta, harengandik babesteko, bere burua "jostailuzko katana batekin" defendatu behar izan zuela argudiat
Bien arteko borrokan, neskaren bikote berriak lepoan "zauriak" egin zituela kontatu du eta bertako zainak ebaki zituela.
Ihes egiterakoan, Cristinarengana hurbildu zela eta, eskuan labana zeramala "ahaztuta", emakumea "garrasika eta lurrean" ikusi zuela kontatu du, "baina ez dakit zer gertatu zen", gaineratu du.
Epaiketak bihar jarraituko du, lekukoei aitorpena hartuta. Besteak beste, akusatuak zauritu zuen gizona eta gaztea odoletan ateratzen ikusi zuen Durangoko udaltzaina hartuko dituzte bertan.