Gizartea -
Memoria historikoa
Bertan hobiratutako 17 gudulariren izenak jasotzen dituen plaka jarriko dute Polloeko mausoleo frankistan
Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako ikerketan ezinezkoa izan den arren horien gorpuzkiak identifikatzea, Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak 17 horien eta bertan ehortzitako gainerako dozenaka borrokalari errepublikarren memoria berreskuratu nahi dute, biktimen senideekin hala adostuta.
O. P. | EITB Media
Beatriz Artolazabalek, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Eneko Goiak, Donostiako alkateak, eta Lourdes Herrastik, Aranzadi Zientzia Elkarteko antropologoak, gaur arratsaldean aurkeztu dituzte, Polloeko hilerrian bertan, hilerri horretako mausoleo frankistaren esanahiz berritu eta bertan ehortzitako gudarien eta milizianoen oroimena duintzeko egingo diren jarduerak.
Aurkezpenak bat egiten du hiria matxinatuen eskuetan erori zeneko 86. urteurrenarekin, eta bertan izan dira biktimen zenbait senide eta erakundeen ordezkariak: José Antonio Rodríguez Ranz, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea; Aintzane Ezenarro, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria – Gogora eta Ane Oyarbide, Donostiako Udaleko Berdintasun, Elkartasun eta Eskubide Zibiletako zinegotzia.
Eusko Jaurlaritzak, Gogora Institutuaren bitartez, eta Donostiako Udalak, hilobi horretan lurperatuta daudela jakinekoa den 17 gudari eta milizianoen izenak jasotzen dituen plaka bat jartzea erabaki dute; biktimen familiekin uztailaren amaieran egindako bileran hala adostu zuten, Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako ikerketa historikoaren eta gorpuzkien egoeraren prospekzioaren berri eman ondoren.
Donostiako Udalak Aranzadi Zientzia Elkarteari eskatutako ikerketaren bidez, 17 gudulari errepublikarren gorpuzkiak 1939an eraikitako mausoleoan lurperatu zirela dokumentatu ahal izan da, nahiz eta ezin izan diren horiek identifikatu, ez gorpuzkiak berreskuratu. Hain zuzen ere, horien izenak jasoko ditu plakak. 1936ko uztailaren 22tik 25era bitartean hil ziren guztiak, matxinatuek Donostiako hiriburua militarki okupatu aurreko borroketan. Dena den, kalkuluen arabera, mausoleo frankista horretan 200 pertsona ingururen gorpuzkiak daude.
Beatriz Artolazabal sailburuak azaldu duenez, lekuaren esanahia aldatzea da helburua, bertan ehortzita dauden gudulari errepublikarren memoria berreskuratu eta duintzeko: "haien oroimena espazioa eraldatuz ohoratuko dugu, beraien duintasuna berreskuratzeko eta oroimenak iraun dezan. Duela 86 urte izan ez zuten omenaldia eta agurra egingo diegu".
Artolazabalek, bestalde, Eusko Jaurlaritzak memoria demokratikoarekin eta biktimen duintasunarekin duen konpromisoa berretsi du: «Memoria demokratikoa, askatasunaren, demokraziaren eta justizia sozialaren aldeko borrokaren egia balioesteko konpromisoa hartzen dugu, basakeriaren, diktaduraren eta totalitarismoaren aurrean. Hamarkadetan isilarazia, manipulatua eta iraindua izen den egia".
Halaber, Donostiako Udalak, Eneko Goia alkateak jakinarazi duen bezala, eskultura bat jarriko du biktimen omenez. Adierazi duenez, Donostiak memoria-espazioak berreskuratu nahi ditu hirian, eta ildo horretan zentzu osoa hartzen du Polloeko mausoleoa esanahiz berritzeko ekimenak. Goiaren hitzetan, mausoleoak gogora ekarriko ditu "hemen ehortzita dauden biktimak, eta baliagarria izango da gure hiriaren eta herriaren iraganaren memoria iraunkorra egiteko, faxismoak askatasun kolektibo eta indibidualak laminatu zituenekoa".
Lourdes Herrasti Aranzadi Zientzia Elkarteko antropologo eta proiektu honen arduradunak ikerketa historikoaren ondorioak azaldu ditu, pertsona horien izenak ezagutu ahal izateko, eta gorpuzkiak identifikatzeko ezintasuna ondorioztatu izanaren arrazoiak ere azaldu ditu, mausoleoan egindako ikuskapen-lanen xehetasunak emanez.
Herrastik azaldu duenez, mausoleoko ia lur guztia hezur hondarrez beteta dago, eta lurperatzeko hainbat modu ikus daitezke, gorpuzkiak tokira eraman ziren fase desberdinen ondorioz. Gaur egun, hezetasuna dela eta, hezurdurak zeuden jatorrizko egurrezko hilkutxa guztiak suntsitu egin dira eta gainjarritako hondakinak nahasten joan dira. Hori dela eta, ezinezkoa izan da identifikazioak aurrera eramatea.