Gizartea -
Donostia
AHTren aurkako 11 ekintzailek isun ekonomikoak ordainduko dituzte
Akusazioak lehen bi urteko espetxe zigorra eskatzen zuen bakoitzarentzat, 2008an Donostian trafikoa gelditzeagatik.
Erredakzioa
Abiadura Handiko Trenaren (AHT) kontrako hamaika aktibistaren epaiketa hasi da gaur Donostian, 2008ko abuztuaren 3an Gipuzkoako hiriburuan egindako ekintza baten harira. Orduko hartan, sei pertsonak trafikoa hiru orduz eten zuten, euren burua zementuzko hainbat bidoitan kateatu eta errepidea itxita.
Hasieran, Fiskaltzak bi urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra eskatzen zuen inputatuetako batentzat, bina urte beste bederatzi lagunentzat, eta 480 euroko isun bat beste batentzat.
Hala ere, Fiskalak eta defentsak epaiketako saioaren aurretik akordioa lortu dute; akusatuek bere gain hartu dituzte leporatzen zizkieten ekintzak, Fiskaltzak bere zigor eskaerak jaistearen truke.
Era honetan, auzipetutako bost laguni sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri zaie –haietako bati zigorra suspenditu zaio, datozen bi urteotan deliturik ez egitearen baldintzapean, eta gainerakoei 1.440 euroko isun batengatik aldatu diete- . Beste seiek 480 euroko isuna ordaindu beharko dute.
Gaur goizean, AHT Gelditu! Elkarlana plataformak elkarretaratzea egin du, epaituei elkartasuna adierazteko. “Gobernuak borroka sozialekiko errepresioa gogortzen” ari direla salatu dute eta baita desobedientzia zibila “kriminalizatu” izana. Datorren larunbaterako, berriz, giza katea deitu dute Hernanin (Gipuzkoa).