Gizartea -
beldur barik
Beldur Barik ekimena indarberriturik dator Izaroren “Libre” abestiarekin
Abenduaren 2an izango da Beldur Barik Topaketa Sestaon. Irailaren 19tik azaroaren 11ra bitartean aurkeztu ahalko dira lanak.
eitb media
Izaro artistaren "Libre" abestiak Beldur Barik ekimenaren 13. edizioa inauguratu du gaur. Lehiaketaren helburua gazteen artean indarkeria sexista eta matxista oro prebenitzea da. Aurten, Sestao izango da ekimena hartuko duen herria, ondorioz, bertan ospatuko da Beldur Barik Topaketa, abenduaren 2an.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak Emakunderen bitartez bultzatzen du, EUDELen eta Foru Aldundien laguntzarekin. Berdintasuna, askatasuna, autonomia, elkartasuna eta indarkeria matxistaren zein sexistaren gaitzespen irmoa bultzatu nahi ditu programak, eta horixe da, hain zuzen ere, parte-hartzaileen ikus-entzunezko lanek islatu beharko dutena. Mutilen zereginean eta erantzukizunean ere jartzen da arreta, eta haiekin lan egiteko baliabideak ere eskaintzen dira.
Irailaren 19tik azaroaren 11ra arte bidali ahalko dituzte beren lanak 12 eta 20 urte bitarteko gazteek, banaka zein taldeka. 400 eurorainoko hainbat sari eskuratu ahalko dituzte indarkeria matxistaren aurkako jarrera eraldatzaileak hobekien islatzen dituzten lanek.