Gizartea -
EGURALDIA
Eguraldi lasaia eta egonkorra izango dugu asteburuan
Asteburua hodeitsu hasiko den arren, orduak aurrera egin ahala eguzkia aterako da eta iganderako tenperaturek gora egingo dute, Euskalmeten arabera.
EITB MEDIA
Iraileko hirugarren asteburua hodeiekin hasiko den arren, oro har, giroa lasaia izango da.
Euskalmeten arabera, larunbataren lehenengo orduetan zeruan hodei hondar batzuk agertuko dira, baina goizak aurrera egin ahala ostarteak gailenduz joango dira eta arratsaldean eguzkitsu egongo da, goi-hodeiak ugariak izan arren. Iparraldeko haizea ibiliko da, baina arratsaldean ipar-ekialdeko haizea izango da nagusi.
Tenperatura maximoak 23 gradukoak izango dira Iruñean eta Bilbon, eta 22 gradukoak Donostian eta Gasteizen. Minimoei erreparatuz, Gasteiz izango da hiribururik hotzena, 10 gradurekin. Iruñean termometroak 13 gradutara jaitsiko dira, eta 16 gradutara Bilbon eta Donostian.
Igandean zerua hodeitsu egongo da, erdi eta goi mailako hodeiekin. Haizeak ekialdetik eta tarteka ipar-ekialdetik joko du. Goizaldea nahiko freskoa izango da, eta barnealdeko zenbait tokitan 10 gradutik jaitsiko dira tenperatura minimoak. Egunez, ordea, tenperaturak gora egingo du.
Tenperatura maximoak 26 gradutara helduko dira Iruñean, Gasteizen eta Bilbon. Donostian, aldiz, maximoak 24 gradukoak izango dira. Minimoak hotzak izango dira Iruñean eta Gasteizen, 8 gradurekin. Donostian eta Bilbon termometroak 14 gradutara jaitsiko dira.
Uneoro, eguraldiari buruzko informazio gaurkotua kontsulta dezakezu eitb.eus-en, edo zure argazkiak bidali.