Gizartea -
Fiskalaren eskaera
25 urtez psikiatrikoan, ama hil arte torturatu zuen gizonarentzat
Lasarte-Orian gertatu zen, 2010ean. Gazte eskizofreniko batek ama torturatu zuen, hil arte. Fiskalak 25 urtez psikiatrikoan ospitaleratzea eskatu du.
Erredakzioa
Ustez ama hil arte torturatu zuen gazte eskizofreniko bat 25 urtez psikiatrikoan ospitaleratzea eskatu du Gipuzkoako Fiskaltzak. Zehazki, bere "patologiarako eta egoerarako'' egokia den egoitza batean barneratzea eskatu dute.
Hilketa Lasarte-Orian geratu zen, 2010ean. Orduan 24 urte zituen akusatuak, eta, aurretik, psikiatriko batean egona zen. Baimen batekin kalean zela ihes egin ondoren, amaren etxebizitzan geratu zen gaztea, eta bertan egin zion eraso.
Hainbat tresna erabili zituen tortura egiteko, tartean labana bat, bihurkin bat, koilarak, aizto-xafla bat, bi mailu, aliketak, puntzoi bat eta hainbat espatula.
Tresna horiekin, amari ezker begia atera eta eskuinekoan lesioa egin zion. Gainera, buruan kolpe bat eman eta garezurra zapaldu zion.
Emakumeak orduan 14 urteko beste seme bat zuen, eta bigarren seme horrentzat 45.352 euroko kalte-ordaina eskatu dute.
Fiskaltzak adierazi du gaixoak eskizofrenia paranoidea duela eta gertakaria jazo zenean ez zela bere buruaren jabe.