Gizartea -
indarkeria matxista
Gizon bati behin-behineko espetxealdia ezarri diote Nafarroan, urruntze agindua hausteagatik
Auzipetuak irainak eta mehatxuak zituen testu eta audio mezuak bidali zizkion bikotekide ohiari hirugarren pertsona batekin ustezko harreman bat edukitzeagatik, eta haren etxera ere joan zen.
agentziak | eitb media
Aurretiaz genero-indarkeriako delituen kondena betetzen ari den gizon bati behin-behineko espetxealdi komunikatua eta fidantzarik gabeko espetxealdia ezarri dizkiote Nafarroan, bikotekide ohiaren urruntze- eta komunikatze-agindua urratzeagatik. Hala agindu du Emakumeen aurkako Indarkeriaren arloko Iruñeko Epaitegiko titularrak astelehen honetan, ebazpen judizialean, biktima babesteko beste neurri eraginkorrik ez dagoela iritzita.
Kautelazko neurria urratzea, etxeko indarkeria eta genero-indarkeria, lesioak eta tratu txarrak, mehatxuak eta armak legez kanpo edukitzea ikertuko dira auzian.
Irailaren 16an –urruntzeko agindua eta komunikatzeko debekua ezarri eta 10 egunera–, auzipetuak testu eta audio mezuak bidali zizkion bikotekide ohiari, irainka eta mehatxuka, ustez hirugarren batekin harreman bat edukitzeagatik. Hirugarren pertsona horren etxera joan zen gizona, mehatxu egin zion eta bikotekide ohiarekin zituen mezuak erakusteko eskatu zion. Gertakari horiek ere salatuak izan ziren.
Ondorioz, magistratuak "biktimaren osotasuna eta osasuna babesteko eta delitua berriz egitea saihesteko" neurri egokiena behin-behineko espetxealdia ezartzea dela deritzo.